Pasa den asteartean jakin zen Espainiako Neguko Kirolen Federazioak Imanol Rojo iraupen eskiatzailea Neguko Olinpiar Jokoetatik kanpo utzi duela. Bada, tolosarrak salatu du, behin hautatuen zerrendaren berri emanda ere, bertarako hautaketa irizpideak oraindik ez direla «modu argi eta eskuragarrian» publiko egin, behin eta berriz eskatu arren. Areago, olinpiar ziklo osoan ez dela gardentasunik egon, eta informazio falta egon dela adierazi du.
Rojok azaldu duenez, etsipena eta injustizia sentsazioa da une honetan sentitzen duena, eta bere 20 urte baino gehiagoko ibilbidean denetarik bizi izan duen arren, inoiz ez dela hain gutxi errespetatua eta baztertua sentitu aitortu du.
Tolosarrak gogora ekarri du 2019az geroztik, logistika, bidaiak eta lehiaketak beste herrialde baten babesarekin, eta azken hiru urteotan, talde pribatu baten eta familiaren laguntzarekin egin ahal izan dituela. Hala, gainerakoen baldintza berdinetan egon ez izana salatu du: «Olinpiar Jokoetara sailkatzeko izan diren azken bi denboraldietan oinarrizko informazioa ezkutatzen egon dira. Benetako irizpideak ezagutu gabe, ezinezkoa izan da prozesua baldintza berdinetan eramatea».
Hautaketa Eskiko Nazioarteko Federazioaren olinpiar zerrendako rankingean oinarritu dela dio Rojok: «Kirolariak erabakita zeudenean aplikatutako 'irizpidea'». Rojoren arabera, «zaila» da ranking horretan nor dagoen aurretik alderatzea; izan ere, bi ranking daude, esprinta eta distantzia: «Parte hartzaileen kopurua ez da bera, puntuazioa ez da berdina eta proba kopuruak ez du zerikusirik. Diziplina oso desberdinak dira; 800 edo 1.500 metroko erdi-fondoko probak eta maratoia alderatzea bezala da, kirol bera partekatzen dute, baina errealitate guztiz desberdinekoak dira. Lehiakide gisa ulertzen dira, elkarren osagarri izan daitezkeen espezialitate gisa ulertu beharrean, non batek besteari lagundu diezaiokeen eta alderantziz».
Horretaz gain, erabakia «iraupen eskian espezializatutako oinarri teknikorik gabe» hartu dela baieztatu du: «Diziplina honek ezagutza oso zehatza eskatzen du justiziaz ebaluatua izan dadin».
Olinpiar Jokoetan ez duelako parte hartuko triste dagoela azaldu du, baina are tristeago dagoela iraupen eskia izaten ari den bilakaerarengatik. «Milano-Cortinan jokatuko diren Olinpiar Jokoetan Espainiak ez du ordezkaritza lehiakorrik izango distantziako probetan, olinpiar programako banakako lau probetatik hiru, hain zuzen ere, modalitate horretakoak direnean. 50 km-ko proba –Olinpiar Jokoetako proba nagusietako bat– lehen aldiz ordezkaritzarik gabe geratuko da».
Iraupen eskia Imanol Rojoren pasioa eta kirol-bizitzaren «ardatza» izan da, baina gaur egun «tristura eta nahasmendu arteko sentipen batekin» begiratzen dio. «Beti irudikatu izan dut, nire ibilbidearen amaieran, kirol honi itzuli ahal izango niola eman didan guztiaren zati bat, gazteei lagunduz eta urte askotako sakrifizio, akats eta garaipenetan ikasitakoa transmitituz. Baina gaur egun hartzen ari den bideak ez du bat egiten niri irakatsi zidatenarekin, ezta kirol honetan hazi nintzen balioekin ere. Bidean funtsezko zerbait galtzen ari dela nabari dut».