Bederatzi postu, larunbateko 30. Zuhaitz Azokan

Ataria 2026ko urtarrilaren 27a

Zazpi mintegik salmenta postua jarriko dute, eta beste bi informazio-postu izango dira; horietako batean, hazien ponpak egiten ikasteko tailerra egongo da.

Urteko lehen azoka berezia egingo dute larunbatean Tolosan: Zuhaitz Azoka. 30. edizioa izango da aurtengoa, eta bederatzi postu jarriko dituzte Trianguloa plazan; 09:00etatik 14:00etara bitarte egongo dira zabalik. Bederatzi postuetatik zazpi mintegien salmenta postuak izango dira; zuhaitzak, zuhaixkak, haziak, landareak eta loreak erosteko aukera egongo da.

Horiez gain, Gipuzkoako Baso Elkarteak informazioa emateko postu bat jarriko du. Eusko Jaurlaritzako herritarrentzako ingurumen hezkuntza zerbitzuaren Aztertu programak ere izango du postua. Informazioa emango diete bisitariei, eta hauek hazien ponpak sortzen ikasteko aukera izango dute, Ezagutu, zaindu eta ekin zure ingurunean programaren bitartez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!