Pintura, eskultura eta olerkiak uztartuko ditu Aranburu Jauregiko erakusketa berriak

Ataria 2026ko urtarrilaren 27a

Silvia Mateo, Carmen Mateo eta Xabier Olano artistek zenbait diziplinatako lanak ikusgai jarriko dituzte ‘Adierazteko moduak... Irudiak eta mezuak’ erakusketan; ostiralean inauguratuko dute, eta martxoaren 7ra bitarte egongo da zabalik.

Ostiralean (urtarrilak 30) Adierazteko moduak... Irudiak eta mezuak erakusketa inauguratuko dute Tolosako Aranburu Jauregian. Askotariko arte diziplinatako lanak ikusgai egongo dira bertan, hala nola, pintura, eskultura eta olerkiak. Carmen Mateo Orus tolosarrak akuarelarekin egindako lanek, Xabier Olano Jauregi altzotarraren eskulturek eta Silvia Mateo Orus tolosarraren olerkiek osatuko dute erakusketa. Hiru artista eta hiru adierazpide.

Egileen hitzetan, sortu diren sinergiekin gozatu dute gehien: «Baten kasuan, margoek, koloreek eta formek laguntzen diote bere barne bizitza islatzen; haiekin jolastuz sentitzen da osoen. Beste batek egurrean aurkitu du baliabide noble eta zintzoa. Material horren izaera biziak eta beroak erakarrita, haren tolesdurak eta zimurrak aprobetxatzen ditu irudiak sortzeko. Hirugarrenarentzat, aldiz, hitzak dira komunikatu nahi duena esateko baliabide kuttunena. Gehien maite duen hizkuntzan».

Ostiralean zabalduko dute erakusketa, 19:00etan egingo duten inaugurazio-ekitaldiarekin, eta martxoaren 7ra bitarte egongo da zabalik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!