Palestina izeneko auto garbiketa gunea kudeatzen du urri hasieratik Muhsen Marwanek (Nablus, Zisjordania, Palestina, 1986) Tolosako Arriaran gasolindegi aldamenean. Bizimodu hobe baten bila iritsi zen 2019an Euskal Herrira.
Noiz atera zinen Palestinatik eta zergatik?
Euskal Herrira iritsi aurretik, 2018an, Bartzelonara joan nintzen nire familiarekin, emaztearekin eta bi umerekin. Urtebete inguru pasatu genuen han, eta, ondoren, etorri ginen Tolosara; geroztik, hemen bizi gara. Gu Nablusekoak gara, Ramalah eta Jenin artean dagoen herri batean jaioak, eta 700.000 biztanle inguru ditu. Gerragatik atera ginen Palestinatik, han egunerokoa arriskutsua da, segurtasunik ez dago, eta bizimodua aurrera ateratzeko modurik ere ez.
Zein ofizio zenuen zure jaioterrian?
Lan askotan aritu izan naiz, eta han Zisjordanian, nagusiki, autobus gidaria eta baita taxilaria izan nintzen; Palestinako Aginte Nazionalaren poliziarentzat lan egin izan nuen. Gure familiak autoak garbitzeko negozioa du Nablusen. Aitak erretiroa hartu zuen duela zazpi urte eta nire anai bakarrak segitzen du han lanean. Palestinan bizi izan nintzen artean lagundu izan nien autoak garbitzeko gunean.
Hortaz, jarraitu diozu hango ofizioari hona Euskal Herrira iritsitakoan, ezta?
Bai, modu batera bai, baina hemen hutsetik hasi behar izan dut. Dena den, ohituta nago, 14 urterekin hasi bainintzen lanean. Hemengoaren aldean Palestinan bizimodua zailagoa da, eta txikitatik hasi behar izaten dugu lanean.
Zein zerbitzu eskaintzen dituzu auto garbiketa zentroan?
Kotxeak kanpotik eta barrutik garbitzen ditut. Nahi izanez gero, sakonago egin dezaket garbiketa barrutik: tapizeria sakon pasa eta kanpotik karrozeria zeramika tratamenduarekin igurtzi. Autoaren tamainaren arabera —hiru ateko kotxea, bostekoa, SUVa edota furgoneta— aldatu egiten da prezioa. Ideia bat egiteko, 40 eta 70 euro arte ordainduta ibilgailua osorik garbi izango du bezeroak; tartean motoak ere bai, 20 eurotik aurrera. Dena den, zalantzaren bat daukanak lasai deitu edo idatzi dezala whatsapp-a honako telefono zenbakietara: 843 631 210 edo 602 115 076.
Zer-nolako produktuak erabiltzen dituzu?
Kalitate onekoak dira guztiak. Maila goreneko etxeetatik ekartzen ditut produktuak, Bartzelonatik, eta nire hornitzaileak 45 urte daramatza lan horretan. Plastikoa, goma, haguna eta kristalak garbitzeko produktuak dira, eta karrozeriarako erabiltzen dudan xanpuak distira ematen dio autoari. Askotan jendea hasten da autoa bere kabuz garbitzen, eta ez da konturatzen kapotan orbanak uzten dituela. Nik erabiltzen ditudan produktuek balio dute horiek denak ezabatzeko.
«Maila goreneko etxeetatik ekartzen ditut produktuak, Bartzelonatik, eta nire hornitzaileak 45 urte daramatza lan horretan»
Urteko zein sasoitan izaten duzu lanik gehien?
Klimaren arabera izaten da. Euria egiten duenean ez dute kotxea ekartzen, gehiago animatzen dira eguraldi onarekin. Jendeak uste izaten du euriarekin berez garbitzen dela ibilgailua, baina ura kristalean gelditzen denean zikin geratzen da kristala bera. Gero izaten dira komeriak, zailagoa baita arrasto horiek garbitzea. Berdina gertatzen da gurpilen hagunekin ere, ura pasata bakarrik ez zaie zikina kentzen.
Zenbat denbora behar izaten duzu auto bakoitza garbitzeko?
Kotxe bat barrutik eta kanpotik ondo garbitzeko bi ordu behar izaten ditut. Tapizeriari errepasoa eman nahi izanez gero, hori bai, goizetik arratsaldera utzi beharra dago kotxea, lehortzeko denbora behar baitu. Bizpahiru kotxe har ditzaket aldi berean.
Nongo bezeroak izaten dituzu?
Hemen inguruak dira gehienak. Tolosakoak, baina baita Txarama, Berrobi, Anoeta, Alegia eta ingurukoak ere.
Zer moduzko martxa darama negozioak?
Nahi baino bezero gutxiago ditut. Autonomoa naiz, eta ez da erraza bizimodua hemendik ateratzea. Jornalaren erdia joaten zait kuota, lokalaren alokairua, argia eta wifia ordaintzen. Ez dakit joera aldatuko ote den datozen hilabeteetan, baina zaila da hemengo bizimodua.
«Autonomoa naiz eta ez da erraza. Kuota ordaindu, lokalaren alokairua, argia eta wifia ordaintzeko egiten dut lan,
hilaren lehen erdian»
Gainera, osasuna falta zait. Hiru hernia dauzkat, hiru disko izorratuta bizkarrezurrean. Badakit hau baino ofizio hobeak badaudela nire bizkarrerako; kotxeak garbitzerakoan makurtu eta behartu egiten dut bizkarra, eta, azkenerako, oker-oker eginda bukatzen dut. Ebakuntza egitea gomendatu didate, baina lana egin beharra daukat. Pentsatu izan dut saltokiren bat zabaltzea, baina ez daukat diru nahikorik negozioarekin hasteko.
Sostengu nagusia da negozioa zuen familiarentzat?
Bai, hemen bizi ginenetik hirugarren umea ere jaio zaigu, eta ni naiz familiarentzako sostengu nagusia. Palestinan beste bi alaba dauzkat, eta gurasoak bizi ditut; haiek denak eta nire senideek laguntza behar dute, eta ahal dudan neurrian saiatzen naiz nire herrira dirua bidaltzen.
Nola daramazu zure herrialdean bizi den egoera?
Gaizki, urruti bainago eta ezin dudalako ezer egin. Ez nago eroso. Palestinako berriak albistegietan ikusi eta nire onetik ateratzen naiz. Goserik ere ez dut; 40 kilo galdu ditut azkeneko bi urtean. Beti nago kezkatuta eta beldurrez, eta Palestinatik dei bat jasotzen dudan aldiro badakit notizi txarrak direla. Zurekin hitz egin aurretik amarekin aritu naiz telefonoz, 20 egun daramatza ospitaleratuta. Bi ebakuntza egin dizkiote eta beste bat falta zaio. Bihotza ahul du, eta horrek are estuago jartzen nau. Hona ekarri nahi nituzke familiakoak, baina oso-oso zaila da, Palestinatik Jordaniara ateratzea ere geroz eta zailagoa baita.
Odolean dabilkit Palestina. Niretzat ez da herrialde bat besterik gabe, barruan daramadan zerbait baizik. Munduko herrialderik onena da nire iritzirako, eta hemen 80 urtean bizita ere, ez dut behin ere ahaztuko. Bihotzean daramat.
Inguruan gerragatik galerarik izan al duzu?
Bai. Iloba bat galdu dut, baina nire ingurune gertukoan 40 lagun hil dira azkeneko bi urteotan. Nik bezalaxe, Gazan jende askok galdu ditu seme-alabak, gurasoak, anai-arrebak, lagunak... Gerra hasi zenetik 120.000 lagun hil dituzte eta etxebizitza gabe geratu dira beste asko, bai Gazan, bai Zisjordanian. Hemen bezalaxe jendeak han bakean bizi nahi du. Nire ametsa horixe da: gerra hau behin betiko bukatzea.
«Hemen bezalaxe jendeak
han bakean bizi nahi du.
Nire ametsa horixe da: gerra
hau behin betiko bukatzea»
Itzuli nahi zenuke Palestinara?
Nire ametsa da, baina zail ikusten dut. Espainiako nazionalitatea lortzeko arazoak dauzkat. Gainditu nuen ahozko azterketa baina ez idatzizkoa. Ez nago gaztelaniaz alfabetatuta, ikasi dudana kalean ikasi baitut. Ziurtagiri bat lortzekotan nabil, berriro ere azterketa egiten utz diezadaten.
Euskaraz ikasi al duzu?
Ari naiz pixkanaka. Hitz batzuk ikasi ditut: egun on, zer moduz?, ondo?, ondo pasa... zenbakiak ere ikasi ditut. Seme-alabek Samaniegon ikasten dute, eta primeran egiten dute euskaraz. Haiek erakusten digute. Gainera, Galtzaundikoek auto garbiketa guneko karteldegi guztia euskaratzen lagundu didate.
