Elkarrizketa

«Existitzen ez den zerbaiti izena ematen dio poesiak»

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko urtarrilaren 22a

Askotariko gaiak biltzen dituzten 64 olerkiz osatutako liburua argitaratu berri du May Gorostiaga antzerkilari tolosarrak: 'Ochipiélago'. Babel liburu-dendan erosi daiteke, eta irabazi guztiak Zutani elkartearentzat izango dira.

Duela hilabete eskas, etxean olerkiak begiratzen ari zela, aspaldiko bilduma bat topatu zuen May Gorostiagak (Tolosa, 1971). Orain, Ochipiélago liburuan bildu ditu testu horiek. Olerkiek ez dute matematikaz hitz egiten, baina horretatik ere badu liburuak; batez ere, zortzi zenbakiarekin jolas egin du Gorostiagak. Gainera, aitortu du matematika zale handia dela: «Poesian matematika asko dago». 

Zer da 'Ochipielago' olerki liburua?

Berez, duela sei edo zazpi urte idatzi nuen. Antzezlan bat idazten hasi nintzen, eta obra horretako protagonista, Concha Capitán, olerkaria zen. 40 urte inguruko emakume hark idatziko zuena irudikatzen nuen bitartean hasi nintzen antzezlana idazten. Baina azkenean, hark irabazi zuen borroka; olerki liburua osatu zuen, eta nik ez nuen antzezlana amaitu. Gerora, poema liburuko idazle bilakatu da Concha.

Zortzi zenbakiaren forma duen uharte imajinario batean isolatuta dagoen emakume bat da. Zortziaren forma duen uharte batek istmo bat dauka erdian. Istmoek itsasoak banatzen dituzte, eta lurrak batu. Metaforikoki, guztiok izan ditugu bizitzan halako momentuak. Hari finei esker salbatzen gara, edo hari finen erruz sartzen gara zurrunbilo batean.

Zergatik irudikatzen duzu uharte hartan?

Pertsona bat isolatuta dagoela entzuten dugunean, isolamendu hori zer motatakoa den irudikatzen hasten gara. Kasu honetan, Ahoz aho jaialdiaren kartel bat izan zen ideiaren jatorria. Olerkiak amaitu nituen garaian, hurrengo jaialdiko kartelean kuia forma zuen uharte bat agertzen zen, eta hura ikusi nuenean etorri zitzaidan burura ideia. Magikoa iruditzen zait kuiaren forma; gainera, zortzi zenbakiaren formaren antza dauka.

Nik badut dislexia puntu bat, eta zenbakiak eta hitzak ikustean, irudiak eta bestelako kontzeptuak imajinatzen ditut. Gutxitan aipatu dut, baina sinestesia puntu bat ere badaukat. Esaterako, koadro bat ikusten dudan bakoitzean, melodiak entzuten ditut, eta zerbait jaten dudan bakoitzean, irudiak eta soinuak etortzen zaizkit burura. Gainera, palindromoak eta hitz-jokoak asko gustatzen zaizkit. Nire sorkuntza-prozesuak sekulako abenturak izaten dira. Dislexia aipatzen denean, zailtasuna etortzen zaigu burura, eta beti ez da hala izaten. Dislexia mota eta gradu ugari daude. Niretzat, sortzerako garaian ez da zailtasuna izaten, bertutea baizik.

Pandemiaren aurretik idatzi zenuen. Zergatik argitaratu duzu orain?

Kasualitate hutsagatik. Abenduan poesia errezitaldi bat antolatu genuen Intujai espazioan. Kepa Fernandez de Larrinoak eta Ekaitz Goikoetxeak parte hartu zuten, eta ni aurkezle aritu nintzen. Nire asmoa zen bien saioak olerkien bitartez lotzea, hari modura. Izugarri gustatzen zaizkit olerkiak, eta etxean olerkiz betetako hainbat karpeta dauzkat. Horietan begira ari nintzela, ohartu nintzen olerki batzuk paperera eramateko eta argitaratzeko moduan zeudela. Aitzakia horrekin berreskuratu nituen Ochipiélagorako testuak, eta ondoren, liburua editatu nuen. Existitzen ez den zerbaiti izena ematen dio poesiak, eta existitzen dela irudikatzen dugu; izana duenak izena du. Hori da poesia, ederra bezain handia.

Bidaia bat proposatzen duzu.

64 olerki dira, zortzi lerrokoak; zortzi bider zortzi 64 da. Bi hilabetetan amaitu nuen olerki-bilduma; berez, bukatu ez nuen antzezlaneko pertsonaia aberasteko testuak ziren. Lagun batek esan dit atzekoz aurrera irakurri duela, eta funtzionatzen duela, izan ere, zortzi zenbakia bukle bat da.

Zenbaki horrek badu zerbait berezia zuretzat, ezta?

Beti esaten dut infinitu bertikala dela; gure bizitza ere, akaso, bukle bat da. Ez da zenbaki zirkularra, erdian lotune bat duten bi zirkulu dira; elkarlotutako bi zero. Zenbaki polita iruditzen zait existentzialismoari buruz hitz egiteko. Horri buruz hitz egiten da liburuan, baita bakardadeari eta memoria historikoari buruz ere; kontzeptu ugari biltzen ditu, eta oso aberatsa da. Concha biluzik dago liburu honetan, antzezlanerako gehiago ezagutu nahi nuen pertsonaia zelako.

Olerkiak irakurri ahala biluzten da Concha ala aurretik jada biluzik dago?

Hiru strip-tease mota daude: fisikoa, psikologikoa eta emozionala. Akaso, egiteko errazena fisikoa da; beste biak oso konplexuak dira. Kasu honetan, Concha psikologikoki eta emozionalki biluztu da. Antzezlan bat idazten dudanean, hasieratik oso argi izaten dut nolakoa izan behar duen pertsonaiak; Conchak, ordea, ertz asko zituen. Hari batetik tiraka hasi nintzen, eta horrela sortu nituen olerkiak.

Liburua irakurterraza da, baina lantzen dituen gaiak mardulak dira.

Bakardadeaz ari garenean, agian, pluralean hitz egin beharko genuke: bakardadeak. Askotan, jende asko izaten dugu inguruan, baina bakarrik sentitzen gara, eta beste zenbaitetan, fisikoki bakarrik egon arren, jendez inguratuta sentitzen gara. Hutsune asko egoten dira bakardadearekin batera. Norberak bere burua alde batera uzten duenean, bakardadea eta hutsunea handiak izaten dira, baina, nahitaez, biak lotzen dituen istmo txiki bat egoten da.

Olerkiak gaztelaniaz idatzita daude. Zergatik?

Errazagoa zaidalako. Euskaraz ere idazten ditut, baina gehiago kostatzen zait. Badira euskarazko adituak eta erreferente handiak, eta izugarri gozatzen dut haiekin, adibidez, bertsolariekin. 36ko gerran, gurasoek kanpora joan behar izan zuten, eta itzuli zirenean debekatuta zuten euskaraz aritzea. Oso gogorra izan zen haientzat, eta ni etxean gaztelaniaz hazi naiz. Kalean ikasi dut euskara, lagunekin, auzoan, baita antzerkiari esker ere, eta gai naiz euskaraz sortzeko. Horrez gain, berez antzezlana izan behar zuen testua Madrilgo lehiaketa batera aurkeztu behar nuen, eta horregatik lehen unetik gaztelaniaz idazten hasi nintzen.

Babel liburu-dendarekin eta Zutani elkartearekin elkarlanean osatutako proiektua da.

Aspalditik daukat harremana Babel liburu-dendakoekin, eta liburua osatu bezain pronto joan nintzen haiengana. Bertan erosi daiteke liburua. Irabazien portzentaje bat eman nahi zidaten, baina nik ezetz erantzun nien; zoratuta nengoela esan zidaten. Hain justu, Zutani elkartearentzat izango dira irabazi guztiak. Sekulako lana egiten dute, eta borondatezkoa, gainera. Nire helburua ez da proiektu honekin dirua irabaztea; irakurleak gozatzea nahi dut. Hiru aldeen artean triangelu magikoa osatu dugu, zoragarria izan da harremana, eta oso eskertuta daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!