ELKARRIZKETA

«Independenteagoa izateko aukera eman dit esperientzia honek»

Leyre Carrasco 2026ko urtarrilaren 21a

Tolosako Orixe BHIn DBHko laugarren mailako ikaslea da tolosarra, eta lau hilabeteko egonaldia egin berri du Irlandan; esperientzia gomendagarria dela kontatu du.

DBHko 4. maila Irlandan hasi du Naroa Lopetegik (Tolosa, 2010). Izan ere, Tolosako Orixe BHIn eskaintzen duten Erasmus+ programaren barruan, epe luzeko egonaldia egiteko aukera izan du tolosarrak. Lau hilabeteko –abuztuaren 24tik abenduaren 22ra– egonaldia egin du Irlandako Cork herrian, eta Transition Year izeneko urtea burutzeko aukera izan du. Bertan bizitakoa kontatu dio Atariari.

Zergatik animatu zinen epe luzeko egonaldia egitera?

Aspalditik nuen gogoa atzerrira joateko ikastera eta nire ama horren inguruan informatzen hasi zen. Orientatzaileak Erasmus+ programaren barruan epe luzeko mugikortasun programa zegoela jakinarazi zion, eta hor apuntatzea erabaki nuen. Ikasle gutxi batzuk eman genuen izena, baina bakarra izan zen aukeratua. Noten arabera aukeratzen dute nor joango den, baina jarrera egokia eta ingeles maila ere hartzen dituzte kontuan.

Nola hartu zenuen aukeratua zu zinela jakin zenuenean?

Azterketa asteko arratsalde batean jakinarazi zidaten. Oso urduri nengoen, batetik azterketak nituelako buruan, baina bestetik, programan hartuko ninduten zalantzak nituen. Horren berri izan nuenean familiarekin afaltzera joan nintzen eta oso pozik geunden denak, baina nire ahizpa triste jarri zen denbora askorako joan behar nuelako.

Lau hilabeteko egonaldia egin duzu. Zer moduz moldatu zara?

Hango eskolak oso desberdinak dira. Ikasturte berezia egiten dutel ikasle bakoitzak zer ikasi nahi duen erabakitzeko. Teoria baino gehiago lantzen dute praktika. Urte horri Transition Year (TY) deitzen diote. Egunero matematika, fisika eta biologia bezalako oinarrizko klaseak izaten genituen, baina beste irakasgai batzuk aldatu egiten ziren, adibidez, sukaldaritza, filmmaking eta abar.

Zer moduz moldatu zara hizkuntzarekin?

Betidanik gustatu zaidan hizkuntza da ingelesa eta eskolaz kanpo ingeleseko klaseak jasotzen ditut. Gainera, udara batean nerabeentzat egiten dituzten ingeleseko kurtso batzuetara apuntatu nintzen eta geroztik oso gustura aritzen naiz giro horretan. Egia da lehen egunak pixka bat zailak egin zitzaizkidala, bertako hizkera oso desberdina delako. Hasieran ulertzea pixka bat kostatu zitzaidan, baina azkenean horretara ohitu nintzen.

Gustura egon zara familiarekin?

Bai, oso gustura. Hara joan aurretik jarri nintzen haiekin harremanetan elkar ezagutzeko. Iritsi nintzenean sekulako ongietorria eman zidaten eta detaile oso polita izan zuten nirekin. Izan ere, janariarekin pixka bat berezia naiz eta lehen egunean supermerkatura eraman ninduten jakiteko zer gustatzen zaidan eta zer ez.

Orokorrean, nola borobilduko zenuke esperientzia?

Ingelesa lantzeko aukera eman dit, baina bereziki, bakarrik egoten ikasteko eta independenteagoa izateko aukera eman didala esperientzia honek esango nuke.

Tolosara iritsi eta eraikin eta ikasturte berriarekin egin duzu topo.

Lagunak martxa hartzen laguntzen ari zaizkit eta momentuz ez dut arazorik izan. Han landu ditugun gauzak lantzen gabiltza orain, baina askoz modu sinpleagoan egiten dugula iruditzen zait.

Programan parte hartzeko zalantza duen norbaiti zein gomendio emango zenioke?

Normala da hasieran beldurra izatea, baina ez dela damutuko, izugarrizko esperientzia baita. Egia da gurasoek okerrago pasatzen dutela semeek baino. Hala ere, bisitan joateko aukera dute. Nire familia bisitan joan zen eta ni han gustura nengoela ikusita lasaitu egin ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!