Tolosa eta eskia lotzen dituen ikus-entzunezkoa

Ataria 2026ko urtarrilaren 21a

Norvegiarren omenezko oroitarria Tolosan. A. ARROYO

Gaur proiektatuko dute 'Tras la huella noruega' dokumentala, 19:00etan, Leidorren. Proiekzioaren ondoren solasaldia egingo dute egilearekin.

Norvegiarren eskutik iritsi zen eskia Euskal Herrira duela mende bat baino gehiago; eta, ordutik, lotura estua izan du Tolosak kirol horrekin. Bada, istorio hori dokumental batean jaso du Unai Jauregibeitia zuzendari bilbotarrak: Tras la huella noruega. Mendi Film jaialdian estreinatu zen lana, eta gaur, 19:00etan, proiektatuko dute Tolosako Leidor antzokian. 

Hastapenak eta ondorengo bilakaera aztertzeaz gain, tolosar ugariren testigantzak ere jasotzen ditu ikus-entzunezkoak: Anate eta Susana Iturralde Kildal, Josu Iztueta, Txiki Plazas, Angel Ortiz, Miren Lopez-Mendizabal, Juan Ignazio Elosegi, Jose Luis Lekuona Gorri, Rojo anaiak... Tolosako Udalak diruz babestu du proiektua.

Gaurko saioa doakoa izango da, baina gonbidapenak eskatu beharko dira Leidorreko leihatilan —online eskuratzeko agortu egin dira—. Proiekzioaren ondoren solasaldia ere egingo dute Unai Jauregibeitia zuzendariarekin eta beste zenbait parte hartzailerekin. Hori gutxi ez, eta bertan izango da Norvegiak Bilbon duen ohorezko kontsula ere: Begoña Etxebarria Madariaga.

Norvegiarrak Tolosan

Tolosara 1906ko udan iritsi zen Hafdan Magnus Mustad norvegiarra, eta bertan kokatu zuen Mustad fabrika. Bi urte geroago iritsi ziren lehen langile norvegiarrak, ekipajean egurrezko eskiak sartuta. Tolosaldeko mendiak zuritu orduko, eskiatzera irten ziren, eta hori ikusi zuten zenbait tolosar zur eta lur geratu ziren. Horien artean izan ziren Ixaka Lopez-Mendizabal, Polikarpo Elosegi, Jenaro Ruiz de Arkaute, Jose Izagirre, Ramon Irazusta... Haiek ere horren parte izan behar zutela erabaki zuten. 

Norvegiarrak eta euskaldunak elkartuta, Ski Club Tolosano eski-kluba sortu zuten 1909an, gaur egunera arteko ibilbidea markatu duten hainbat mugarritan lehena —eta lehena, baita ere, Espainiako estatuan—. Urtebete geroago eski jauzien lehiaketa bat ere egin zuten Berastegiko muino elurtu batean. Zenbaiten arabera, penintsulako lehen eski txapelketa izan zen hura.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!