TOPAk osasun publikoaren aldeko astea antolatu du

Ataria 2026ko urtarrilaren 19a

TOPA sortu zutela iragartzeko 2011n egindako prentsaurrekoa.

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformak urtarrilaren 26tik 31ra bitarteko ekitaldiak antolatu ditu. Azken 15 urteetan egindako lanaren errepasoa egingo dute.

TOPA plataformak osasun publikoaren aldeko astea antolatu du. Hiru ekitaldi izango dira, eta lehenengoa gaur zortzi izango da, urtarrilaren 26an. Astelehenean Zerkausian kartel erakusketa bat jarriko dute. «Bertan, osasun publikoaren defentsan eta Tolosalderako ospitale publiko bat eskatuz azken 15 urteetan egin den borrokaren berri emango dugu». Aste guztian zehar ikusi ahal izango dira kartel horiek.

Urtarrilaren 30ean elkarretaratzea egingo dute 18:30ean Zerkausian. Mobilizazioan azken 15 urteetako ibilbidearen berri emango dute, eta elkarteko kide izandako eta 2024ko abenduan hil zen Jabi Aranaren ekarpena nabarmenduko dute, «gure aitortza osoa merezi baitu». Elkarretaratzea bukatzerakoan eskualdeko osasun egoeraren balorazioa egingo dute.

Bukatzeko, urtarrilaren 31n, Jabi Aranaren omenez egindako horma irudia inauguratuko dute. Amarotzen margotu dute eta 12:00etan inauguratuko dute. Horma irudia Amarozko auzo elkartearekin elkarlanean egin dute, izan ere, Arana urte luzez auzoko medikua izan zen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!