Egunotan Fronton kafetegia bisitatzen dutenek irudi geometrikoak ikusiko dituzte paretetan eskegita dauden artelanetan, eskulturetan eta koadroetan. Hango irudiei antzemango diete naturako hainbat elementuren antza, eta haietan erraz irudikatuko dituzte zuhaitz, mendi eta basoak. Paisaia baten berri eman eta bere mundura gerturatzeko gonbita egiten du Aitor Ruiz de Eginok (Hernani, 1971) erakusketan.
Izan ere, obra bakoitzak esan behar du zerbait artistaren inguruan, edo horrela uste du behintzat egile hernaniarrak. Bere eskulturatan eta margolanetan gure garaiaren kronika izan daitekeena egiten du, beti ere, begirada poetikoarekin eta kutsu pertsonalarekin.
Ez zaio gustatzen, ordea, bere lana diskurtso mardulekin janztea: «Niretzat barruan daramadan horri erantzuten dio arteak. Mundu honetan hasi nintzenean asko ekoizten nuen, senez aritzen nintzen, etorri bezala. Gerora sentitu nuen nolabaiteko beharra egiten nuen hori esplikatzeko. Asko irakurri nuen, eta, azkenean, artista ezagun batek esandakoarekin geratu nintzen: hamar kontzeptu aukeratu eta haien bueltan osatu behar du artistak bere ibilbide artistikoa».
Ingurune naturalaren eta industrialaren arteko orekara zedarritu du Ruiz de Eginok bere obra. «Ni Hernanikoa naiz, Adarra mendiaren magalean dagoen baserri batekoa dut ama. Ingurune natural horrek sortzen dituzten sorpresa eta misterioak liluratzen naute; hango zuhaitzek, ibaiek, harriek, lainoek eta animaliek. Baina mundu horrekin batera, barruan daramat Hernaniko lantegiena eta fabrikena ere. Aitak, adibidez, fundizio batean egin zuen lan, eta joera hori ere nire baitan dago». Espazio horietan txikitatik ikusi dituen formak artelanetan etengabe erreproduzitzeko beharra sentitzen du, eta kosmogonia pertsonal eta propioa sortu du urteotako ibilbidean.
Material malgua lanerako
Aluminioa darabil bere artelanetan. Beste hainbat metalekin probatu ondoren iritsi da material horretara, eta iruditzen zaio ondo egokitzen dela bere barne munduaren espresiora: «Lurretik erauzia baina bi munduren arteko bidean bizi den zerbait da aluminioa. Haren argitasuna, arintasuna, leuntasuna eta berotasuna gustatzen zaizkit». Dena den, aluminio distiratsu eta garbiarekin baino, nahiago du jolastu berezko poro eta tolesak dituen materialarekin. «Altzairuaren herdoil marroi hori ez dut gogoko, aldiz aluminioarena bai; hauts txuri baten antzekoa ateratzen zaio herdoildutakoan eta interesgarria egiten zait nire lanetarako».
Aitor Ruiz de Egino: «Lurretik erauzia baina bi munduren arteko bidean bizi den zerbait da aluminioa»
Material malgua da, gainera, eta guraize eta errematxe batzuk erabilita moldatzen da lanerako. Ruiz de Eginorentzat badu beste abantaila bat aluminioak: «Nahi bezainbeste alditan berrerabili daiteke. 700 graduan galdatu eta berriz baliatu. Txatartegira joan eta edozein lata zaizu baliagarri. Azkenaldian, adibidez, inprentetako offseteko plantxak erabiltzen ditut, Lasarteko Antza inprimategitik ekarrita».
Plantxa horietako asko erabiltzen ditu koadroetarako euskarri gisa. «Neurri handi batean margo horiek ere forma eskultorikoa dute, ez baitzait argi-itzalekin jolastea gustatzen». Eskulturetan ere kolorea darabil artista hernaniarrak, nahiz eta horrelakoetan protagonismoa formari berari ematen dion. Hori bai, batzuetan zein besteetan, kolore biziak erabiltzen ditu gehienetan: berde argia, laranja, horia... Kontraste handikoak dira, biziak. Margo sintetikoak eta metalarentzako espraiekin egiten du lan.
Aitor Ruiz de Egino: «Margoek ere forma eskultorikoa dute, ez baitzait argi-itzalekin jolastea gustatzen»
Tolosako Frontonen ikusgai dauden sei artelanak salgai ditu Ruiz de Eginok. Pilotalekuko sarreraren ondoko atean QR kode baten bitartez Aitorruizdeegino.com webgunerako sarbidea topatuko du bisitariak, eta bertan aurkituko du lan bakoitzaren prezioa. «Pandemiatik hona geroz eta zailagoa da gure lanak erakustea, eta askotan kultur etxeetan eta horrelakoetan neure burua diskriminatuta sentitzen dut. Antzerkia egitera, bertsotara edo kontzertu bat ematera joaten denak ordaina jasotzen du trukean, eta nik, berriz, erreguka jardun behar dut nire lanak erakutsi ditzaten».
Dena den, ekoizpen handiko artista da, eta hiruzpalau hilabetean 30 artelan baino gehiago egiten ditu. «Hori da daukadan arazo handiena, hainbeste ekoizten dut gero ez dudala izaten non gorde». Horregatik urtean bitan, behintzat, saiatzen da egindakoa espazioren batean erakusten.
Etxe azpian duen sotoan egiten du lan, baita Hernaniko beste hainbat artisau eta artistekin osatutako Errapia taldeak Zinkuñaga auzoan duen espazioan ere. Han dauzka zeramikarentzako labea eta pinturak.
Zeramika abiapuntu
Enpresaritza ikasketak egin eta urte asko eman zituen Ruiz de Eginok lanean komertzial gisa gas konpainia batean. «Nahiz eta nire lanbidea hori izan, beti izan dut joera marrazteko, ez modu perfektuan, baina barruan daramadan hori, nolabait, txikitatik adierazi izan dut». Behin helduaroan, zeramikara gerturatu zen. Hernaniko kultur etxeko tailerrean dozena bat urte eman zituen Gema Duranekin ikasten eta Gironako (Herrialde Katalanak) Ramon Fortekin ere jardun zuen bere garaian.
«Bolada bat eman nuen bi gauzak uztartzen: komertzial lana eta zeramika. Porcelanas Bidasoarentzako zenbait diseinu egiten nituen, eta, halako batean, Mugaritz jatetxekoek hots egin zidaten zeramikazko 200 pieza inguru egiteko. Atzetik jatetxe eta hotel gehiago etorri zitzaizkidan eskaera gehiagorekin. Orduan erabaki nuen lana utzi eta autonomo hastea, duela 20 urte inguru», azaldu du Ruiz de Eginok.
Gaur egun ere lantzen du zeramika. Tamaina ertaineko eskulturak egiten ditu eta baita oroigarriak ere enpresa eta ekimen pribatuetarako. «Erretiroa hartu duenari oparitzeko oroigarriak, ezkontzetarakoak eta bestelakoak egiten ditut. Horrelakoetan bezeroaren beharretara egokitzen saiatzen naiz». Diseinu horiek egiteko lagungarri zaio 3D inprimagailua, eta baliatu izan du beste hainbat lan modelatzeko. «Teruelen (Espainia) kobazulo batzuen erreplika egin nuen adibidez, eta zineman ere jardun dut pelikulentzako eszenografiak muntatzen. Errementari eta Handia filmetako lantaldeetan aritu naiz. Zuzendaritza Artistikoaren Goya saria eman zioten 2018an Mikel Serranori Handia filmagatik, eta tartean aritu nintzen ni multzo megalitiko baten erreplika egiten».
Zeramika tailerrak ere eman izan ditu, esate baterako, Txillida-Lekun eta, gaur egun, binakako tailerrak ematen ditu.
Tamaina handiko eskulturak ere badauzka jarrita Hernaniko bi parketan, enpresa partikularretan eta baita EHUko Ekonomia eta Enpresa fakultatean ere. Eskultura horietako asko beste hainbat materialekin egindakoak dira; izan ere, zeramikatik abiatu eta beste hainbat esparru ikertu izan baititu Ruiz de Eginok.
Hernanin bertan hargin batekin aritu zen ikasten: «Harria pisutsua da eta zikina; hauts asko sortzen du eta ez da batere erraza piezak alde batetik bestera mugitzea». Hala ere, Koldobika Jauregi zenarekin ere aritu izan zen bere garaian harri gaineko eskultura lantzen. «Bolada batez, Koldobika lan askorekin zebilenean, harengana joaten nintzen laguntzera. Harekin ezagutu nituen beste hainbat material ere, brontzea eta altzairua, eta modu batera, harengandik iritsi nintzen gerora aluminiora ere».
Jauregi zenak hutsune handia utzi duela uste du artista hernaniarrak. «Sortzaile gisa eta estetikoki agian ez genituen gauza berdinak egiten, baina bere filosofiarekin bat nentorren. Naturarekiko haren lotura eta lan egiteko modua oso inspiragarriak zaizkit. Koldobika erreferente bat da».
Erreferentzia horiek guztiak biltzen dira Ruiz de Eginoren lanetan, eta unibertso horren guztiaren mostra txiki bat ikusgai izango da otsailaren 2ra arte Fronton kafetegian. Hernaniko mendi eta parajeetako puska Tolosako erdigunean.