Alpino Uzturre Trail taldeak 20 kide izango ditu aurten

Ataria 2026ko urtarrilaren 17a

Aurten mendi-lasterketetan ariko diren taldekideak aurkeztu dituzte Asuncion Klinikaren aurrealdean.

Urte honetan mendian lasterka ariko diren taldekideak aurkeztu ditu Alpino Uzturre elkarteak Asuncion Klinika babeslearen aurrealdean. Guztira, 20 kidek osatuko dute taldea eta, dagoeneko, begiz jota dituzte zenbait lasterketa.

Elkartea tolosarra bada ere, Euskal Herriko beste hainbat lekutako taldekideak dituzte. Andoni Uzkiano donostiarrak azaldu du talde parekidea osatzea izaten dutela helburu: «Hamar emakumek eta hamar gizonek osatuko dugu aurten taldea».

Uzkianok aipatu duenez, orokorrean bakoitza prestatzen da bere aldetik: «Batzuek dena euren kabuz egiten dute, eta beste batzuek badituzte nutrizionistak, entrenatzaileak... Dena dela, elkarteak laguntza ematen digu behar dugun edozein arlotan». Orokorrean nork bere aldetik entrenatzen badute ere, gehitu du saiatzen direla elkartzen: «Elkar ezagutzeko eta entrenatzeko ere oso aberasgarria da elkarrekin aritzea. Gainera, beti arinagoa da taldean entrenatzea, bakarka baino».

Helburuak nahierara
Lehen lasterketak «berehala» hasiko direla ere aipatu du korrikalariak eta, hortik aurrera, «urtea amaitu arte astebururo» izango dituztela lasterketak. Zentzu horretan, helburuei dagokienez taldeak «askatasun osoa» ematen diela ere esan du: «Bakoitzak jartzen ditu bere helburu pertsonalak, eta taldeak erabateko askatasuna ematen digu horretan».

Hari berari tiraka gehitu du aurten kluben arteko txapelketako probetan parte hartzeko eskatu dietela, eta T3T lasterketa nabarmendu du: «Aurten egingo da, eta galdu ezin den hitzordu horietako bat izango da».

Taldekideen inguruan, askotariko profilak aipatu ditu Uzkianok: «Batzuk ultratrail probetan aritzen dira gehiago, beste batzuk, berriz, lasterketa motzagoetan... Denetik daukagu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!