'Zuen Bila Goaz', Iñaki Gereñuren abesti berria

Ataria 2026ko urtarrilaren 15a

Iñaki Gereñu Odriozola tolosarrak bakarkako musika ibilbideari ekin dio, 'Gēre' ezizenarekin, eta dagoeneko entzun daiteke martxoan argitaratuko duen '23.556' diskoko aurrerapen-abestia.

Hamar kantuz osatutako diskoa izango da 23.556, Iñaki Gereñu Odriozola tolosarrak Gēre ezizenarekin sortu duen bakarkako proiektu berriko lehen lana. Lehenago, Peachy Joke taldean aritutakoa da Gereñu, eta oraingoan Belako taldeko Lander Zalakain tolosarraren laguntzarekin ekoitzi du diskoa; elkarrekin ariko dira zuzeneko kontzertuetan.

Zalakain bateria-jotzailea da; Gereñuk diskorako erabili dituen instrumentuak, berriz, sintetizadorea, gitarra eta ahotsa izan dira. «Musika elektronikoa da, zenbait efekturekin, baina gitarra asko entzuten da kantuetan. Malenkoniatsua da, eta aldi berean, dantzagarria», azaldu du Gereñuk. Zalakainez gain, sorpresak izango dira diskoan, kolaborazio modura, baina oraingoz ez du ezer aurreratu nahi izan. 

Martxoan argitaratuko du diskoa, baina dagoeneko publiko egin du lehen aurrerapen-kantua: Zuen Bila Goaz. Sortzaileak adierazi du «seriotasun handiarekin» ari dela lantzen proiektua. «Apustu sendoa da, eta ikusiko dugu zer erantzun izaten duen. Musika terapia modura hartu izan dut, lanez gainezka egon izan naizelako, eta edozer egiten nuela ere lanaz pentsatzen hasten nintzelako. Musikari esker, erabat deskonektatzea lortzen nuela jabetu nintzen. Ohartzerako, hamar abesti egin ditut».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!