Eskualdeko haurrek parte hartzen dute kirol ekitaldian, hiru mailatan banatuta. 11:30ean izango da lehen proba, infantil mailako mutilena (2012/2013), eta 1.950 metroko ibilbidea egingo dute. Ondoren, 11:45ean, infantil mailako nesken (2012/2013) txanda izango da, eta ibilbide bera egingo dute.
Jarraian alebin mailakoen (2014/2015) txanda izango da, 1.400 metroko ibilbidearekin: 12:00etan mutilak eta 12:15ean neskak. Benjamin mailakoen (2016/2017) probek emango diote bukaera ekitaldiari, 1.100 metroko ibilbidearekin: 12:25ean abiatuko dira mutilak eta 12:35ean neskak.
Trafiko mozketak eta autobusen geltokien aldaketak
Krosa dela eta, 10:00-14:00 artean gutxi gorabehera, trafiko etenak izango dira herrian. Rondilla kalea itxi egingo da 34. zenbakitik –musika eskolaren paretik– aurrera (garajeetara Inpernu kaletik sartu beharko da). San Frantzisko pasealekuaren lehen erdia ere, Gernikako Arbola lorategien parera arte, itxi egingo da, eta autoz hustu beharko da tarte hori, baita Trianguloa plazako zamalanetako tartea ere.
Zumalakarregi kaleko eta Foru Etorbideko trafikoa ere eten egingo da tarte horretan, nahiz eta ez diren autoak hustu beharko. Trianguloa plazako garajeetako erabiltzaileek eta taxiek, kontrako noranzkoan egin beharko dute irteera, Zumalakarregitik Zubiberrira, lasterketak ez dauden tarteetan. Zubiberritik erdigunerako sarrera ere itxita izango da, eta soilik garajeetako erabiltzaileek pasa ahal izango dute, lasterketarik ez dagoen tarteetan.
Autobus zerbitzuei dagokienean, Santa Klara kalera lekualdatuko da Rondilla kaleko geltokia, denbora-tarte horretan.