Hainbat urtetan judoa utzita izan ondoren, Maria Ongay (Tolosa, 1984) orain gutxi itzuli da kirol bera praktikatzera. Lehiatzearen grina piztu zitzaion, eta azaroan jokatutako Parisko Munduko Txapelketan parte hartu eta brontzezko domina lortu zuen. Beteranoen txapelketan aritu zen F-3 kategorian, 40 eta 44 urte artekoetan, eta -57 kiloko pisuan. Ondoren, abenduan, Espainiako Txapelketa irabazi zuen. Lasarten bizi da Ongay, eta Judo Klub Tolosako kidea da.
Nola duzu gogoan Parisko Munduko Txapelketa?
Esperientzia eta lortutako emaitzarengatik, urteko bizipen bereziena izan da. Errepikaezina dela esango nuke, baina espero dut berriro errepikatzea.
Hamasei urte judoa egin gabe egon ondoren, berriro hasi zinen.
Nire 40. urtebetetzean hasi nintzen berriro, 2024ko irailean, eta sei hilabetera ekin nion lehiatzeari, Gasteizen jokatutako Espainiako Kopan. Bi hilabetera nire entrenatzaile Oskar Gibelaldek komentatu zidan Munduko Txapelketa Parisen zela. Niri lehiaketa den oro gustatzen zaidanez, esan genuen horren bila joango ginela. Helburua zen lesionatu gabe iristea. Hori lortu genuen, eta oso sasoi fisiko onean iritsi nintzen.
Nola lortu zenuen sailkatzea Munduko Txapelketara?
Gutxienez Espainiako Kopako bi probatan parte hartu behar nuen: bat Gasteizen, eta bestea urrian Kordoban (Espainia).
Mundukoan dominarik lortzeko aurreikuspenik bazenuen?
Batere ez. Nire asmoa sasoi fisiko onean iristea zen. Bertara iristerakoan eta entrenamenduetan ingurura begiratu ondoren, ikusi nuen jendea oso indartsu zegoela. Nire helburua zen gutxienez borroka bat irabaztea, eta hortik aurrera ikustea zer gertatzen zen. Berez, parte hartzeagatik bakarrik pozik nengoen, baina nahi nuen borroka bat behintzat irabaztea. Domina ez zegoen nire buruan. Lehenengo aldiz parte hartu eta domina lortuko nuela esan izan bazidaten, oso urruti ikusiko nukeen. Hamalau parte hartzaile ginela jakinda, lau edo bost izanez gero aukera gehiago izango nituzkeen, baina hainbeste partaideekin ez nuen domina irabaziko nuela imajinatzen.
Lehenengo kanporaketan ez zenuen parte hartu.
Zozketak lagundu zidan, eta lehen kanporaketa libratu egin nuen. Zuzenean final-laurdenetara igaro nintzen, eta borroka hori irabazi nuen. Finalerdia galdu eta gero, brontzezko domina lortzeko borroka egin nuen. Azkenean borobila atera zen; hain justu, errazagoa izan zen domina lortzeko neurketa final-laurdenetakoa baino.
Nola duzu gogoan lehenengo borroka?
Oso urduri nengoen, eta jakin arren indartsu eta judo ona nuela, zalantzak sartzen zaizkizu. Tatamira sartu bezain pronto, hori dena ahaztu eta kontzentratu nintzen. Pausoz pauso, borrokaren hiru minutuak kontsumitu nituen, eta hasieratik irabazten joan nintzen. Hala ere, hiru minutuak luze egiten dira; ippon bat ez baduzu lortzen eta zuzenean irabazten, puntuazioari eutsi behar diozu denbora bukatu arte. Finalerdia galdu ondoren, ikusi nuen borroka hori irabazteko gaitasuna nuela, eta horrek eman zidan motibazioa brontzezko domina lortzeko, borroka zerotik hastea balitz bezala ekiteko. Burua hotz sartu nintzen, eta dominan pentsatu gabe borroka irabaztera joan nintzen.
«Aurtengo helburua berdintzea edo hobetzea da; horrek anbizio handiagoa sortzen dit»
Eta nola duzu gogoan domina lortu zenuen une hura?
Oraindik bueltak ematen dizkiot. Sentsazioa da arantza bat kendu dudala. Judotik erretiratu nintzenean egoera berezi batean izan nintzen: unibertsitatean nengoen eta Espainiako selekzioan; haurdun geratu nintzen eta bizitza guztiz aldatu behar izan nuen. Munduko Txapelketa batean parte hartu izana orduko arantza kentzea da, eta domina irabaztea baino hoberik ezin da eskatu. Orain, maila horretan neure burua ikusi ondoren, aurtengo helburua berdintzea edo hobetzea da. Horrek anbizio handiagoa sortzen dit.
Espainiako Txapelketara beste itxaropen batekin joan zinen?
Beste maila batean nengoen. Sasoiz askoz justuago iritsi nintzen, hilabete besterik ez zen igaro Munduko Txapelketatik. Tartean gaizki egon nintzen, ia bi astez antibiotikoak hartzen, eta iritsiko ote nintzen beldurrez. Sasoi onean iritsi nintzen, baina Mundukoan baino okerrago. Maila ez zen hain exijentea, eta hori ere nabaritu nuen. Irabazi nuen, baina ez nintzen nire onenean iritsi.
Beste domina bat.
Bai, horrela da. Aurretik lortu nituen postu onenak Espainiako txapeldunordearenak izan ziren. Nire lehen urrea da Espainiako Txapelketan nire ibilbide osoan. Bigarren eta hirugarren geratu izan nintzen, eta hor ere hainbat urtetako arantzatxo bat kendu dut.
Nola hasi zinen judoan?
Ni Tolosan jaio nintzen, eta bost urte nituela Madrilera joan ginen bizitzera. Gogoan dut judoa eskaintzen zuen gimnasio batetik pasatzen ginela, eta 7 urte-edo nituela amari esan nion judo egin nahi nuela; berak galdetu zidan ea zer zen hori, eta ez nekiela erantzun nion, baina judoa egin nahi nuela adierazi nion. 12 urte nituela itzuli ginen Tolosara. Orduan Tolosako kluba Karmele Begiristainek eta Pako Pinedak kudeatzen zuten. Ordudanik egon nintzen Judo Klub Tolosan, eta berriro hasi nintzenean klub berean izan nintzen, Madrildik etorri nintzenean hartu ninduen klubean.
Eta nola duzu gogoan garai hura?
Ez du zerikusirik gaur egungo edo orduko lehiaketak. Beti diot gustura izango nuela orduan gaur egun lehiarako dudan burua. Gaur egun errazagoa zait kontzentratzea, sinestea posible dela... Borroka batean errazago ikusten dut aurkariari zer egin. Gazteagoa zarenean ez duzu pentsatzen tatamian zaudenean, eta ero-eroan aritzen zara. Gehiago kostatzen zaizu gai zarela sinestea. Azken finean, heldutasun kontua izango da. Ez du zerikusirik nola egiten diodan aurre borroka bati gaur egun eta orain dela hogei urte. Hala ere, urduritasuna bera berdina da.
Goi mailan aritu zinen lehiatzen.
Junior mailan Espainiako txapeldunorde eta hirugarren izan nintzen, txapeldunorde ere 23 urtez azpikoan; kadete mailan bigarren taldeka... Absolutu mailan ez nintzen lehiatu, haurdun geratu bainintzen 23 urtez azpiko azken urtearen ondoren. Nazioartean ere aritu nintzen Espainiako selekzioarekin, baina ez nuen lortu Europako eta Munduko txapelketetara sailkatzea.
Horregatik zenion nazioarteko txapelketa batean parte hartu ez izanaren arantza hori zenuela.
Bai, hori da. Egia da beteranoen txapelketetan sailkatze sistema oso ezberdina dela absolutu eta gazte mailakoekin alderatuta. Baina, bestalde, gaur egun, helduaroan, entrenamenduak lanarekin eta familia bizitzarekin bateratzea erronka da, eta hori gaztetan ez nuen. Beraz, alde batetik dituzun erraztasunak ez dituzu beste aldetik.
Erabaki ona izan da berriro judoan hastea eta lehiatzeari ekitea?
Guztiz. Espainiako Txapelketa eta gero geldialdi bat egin dut, eta buruak nabaritzen du. Egunero entrenatzera ez joatea, gurpil horretatik ateratzea nabaritzen du. Asmoa da, behin Eguberriak pasatuta, ekaineko eta iraileko helburuei begira sasoian jartzen joatea.
Zer helburu dira horiek?
Parisko Munduko Txapelketan brontzea lortu ondoren, aukera ematen dit ekainean Bordelen egingo den Europako Txapelketara eta irailean Sarajevon egingo den Munduko Txapelketara joateko, sailkapen fasea jokatu beharrik gabe. Bi horiek dira aurtengo helburu nagusiak, kategoria berean bai adinean, bai pisuan. Oskarri galdetu nion ea zer iruditzen zitzaion helburuak horrela zehaztea, eta baiezkoa eman zidan. Horrelako babesa izatea oso garrantzitsua da. Bera da gehienetan laguntzen nauena bide neketsu honetan. Espainiako Kopako probetara joateko obligaziorik ez dudanez, erabakia hartuko dut aurrerago.
Nola bateratzen dituzu entrenamenduak eguneroko bizitzarekin?
Laguntza askorekin: nire bikotekideak etxean ematen didana, eta alabarena ere bai, ia 18 urte baititu. Txandaka egiten dut lan, goizez, arratsaldez eta gauez, eta konplikatua da. Batzuetan entrenatu ondoren lanera joaten naiz gaueko txanda egitera. Arratsaldez lan egiten dudanean goizez joaten naiz entrenatzera... Ahal dudan moduan bateratzen dut. Nahi izanez gero, tartea lortzen duzu.
Txandaka lana egitea oso amorragarria omen da.
Oso zaila da errutina bat hartzea txandaka lan egiten duzunean. Baina ez kirola egiteko bakarrik, orokorrean. Azkenean, dena bezala, antolatzea da gakoa. Tarteka nire ahizpak esaten duen moduan, excel bat dut buruan eta oso karratua naiz horretarako: ikusi zer denbora dudan libre, zer egiteko ditudan, eta horren arabera antolatzen naiz. Lanaren ordutegia ezin dut aldatu, beraz, errutinak horretara egokitu behar ditut. Konplikatua da, gehiago nekatzen baitzara, eta badaude gogorik ez duzun egunak. Konplikatua da burua konbentzitzea entrenatzera joateko edo bestelakoak egiteko. Baina uste dut buru indartsua dudala.
Zer beste ekarpen egiten dizu judoak?
Kirolak burua osasuntsu uzten dit. Niretzat fisikoki baino onura gehiago ditu buru aldetik: burua lasaitzen dit, ongizate mentala ematen dit. Judoaren zale sutsua naiz; niretzat kirola egitea lehertuta bukatzea da, eta hori judoak eskaintzen dizu nahi baduzu. Entrenatu ondoren sentsazio hori izateak sekulako buru-satisfazioa ematen dit. Horrez gain, fisikoki ere sasoiko jartzen zara, baina niretzat ekarpen handiena buruan egiten dit.
Judoa utzi eta berriro itzuli aurretik kirola egin zenuen.
Beti egin dut kirola. Beharrezkoa dut buruarentzat, horrelako buru karratua izanik... Kirolak laguntzen dit horrelako buru hain egituratuta askatzen.

