Abiatzear dira Tolosako Udalaren 2025eko asfaltatze-planeko lanak. Herriko hamabost puntutan egingo dituzte obrak, eta helburu dute herriko kale eta bideetako galtzadetako zoruak eta zoladurak konpontzea. 500.000 euro bideratu ditu udalak lan hauetara.
Honako gune hauetan egingo dituzte lanak:
- Bedaio: Gurbiltxikiko bidean, ia 3.000 metro koadroko zatia konponduko dute.
- Izaskun auzora (Ibarra) igoera: Ilarramendigoiena bidearen hasieran, 129 metro koadroko zatia berrituko dute.
- Usabal auzoa: Ollaunerako bidean, Sarrolazpikoa baserriaren bidegurutze ingurua konponduko dute.
- Santa Lutzia auzoa: Orixe eta Tolosaldea LHII ikastetxeen bidegurutzetik Uzturpe frontoirako tartea asfaltatatuko dute. Pilotalekuaren atzean dagoen aparkalekuan eta bere sarbidean ere zenbait konponketa-lan egingo dituzte.
- Zumalakarregi pasealekua: Lizardi plazatik Zubiberrirako tartea asfaltatuko dute. Etxeetatik gertuen dagoen aldean, oinezko bidea konpondu eta errepidearen maila berean jarriko dute. Horrez gain, euri-uren sarea ere berrituko dute.
- San Esteban auzoa: Irualdetatik Zuberoarako sarbidea asfaltatuko dute. Horrez gain, desasfaltatze-lan bat ere egingo dute, auzoko bi parkeak batzeko, eta eremu batetik bestera errepidea pasa behar izan gabe joateko. Azken hau AuzoEkin prozesuan auzotarrek egindako eskakizunetako bat da eta segurtasuna hobetzea da helburua.
- Araba etorbidea: Aurrez iragarri zuen moduan, aparkaleku gehiago lortzeko, Araba etorbidearen atzean, erdibitzailea kenduko du udalak, eta errei bakarrekoa bihurtuko du kalea. Asfaltatze-lanez gain, aparkalekuak berrantolatuko dituzte, 20 plaza berri sortzeko.
- Iurre auzoa: Eroski supermerkatuaren atzealdean, maiz hondatzen den bide-zati bat asfaltatuko dute, 65 metro koadro ingurukoa.
- Geltoki plaza: Plazako irteeran, Alliri eta Pedro Tolosa pasealekuek bat egiten duten puntuan, hondakinen bilketarako edukiontzien ondoan, zebra-bide jasoa egingo dute, inguru horretako irisgarritasuna hobetzeko.
- Kondeaneko aldapa: Lore Arte etxe multzoaren eta Inmakulada Ikastolaren artean, aldapako malda aldatzen den puntuan, zebra-bide jasoa egingo dute. Lehen urrats gisa, uda amaieran, lanbide heziketako ikastetxearen aurrean zegoen lorategia eraitsi zuen udalak. Lanen helburua da ibilgailuen abiadura murriztu eta oinezkoen segurtasuna hobetzea.
- Bizkai kalea: Iturriaren inguruko aparkalekuak asfaltatuko dituzte. Horrez gain, Hiribusaren geltokian markesina estali bat jarriko dute.
- Igeralde kalea: Agaramundu plazako edukiontzien bidegurutzetik gora doan bidean, eremu osoa asfaltatuko du udalak.
- Iparragirre: Igeralde kalean bertan, baina Iparragirre auzoaren aldean, autobidearen zubi azpia berregokituko dute, aparkalekuak erregularitzatzeko eta bidea konpontzeko. Horretarako, oinezko bidea desbideratuko dute zertxobait, eta ibilgailuak baterian aparkatzeko plazak margotuko dituzte. Horrez gain, batetik bestera pasatzeko zebra-bide jasoa egingo dute.
- Iparragirre eta Sputnik: Auzotarren eskakizunei eta Irisgarritasun Planari jarraituz, Telefonica enpresaren eraikinaren bi aldeetan, zebra-bide jaso bana egingo dute, irisgarritasuna hobetzeko. Gainera, Igeralde kaletik beilatokira doan bidean zati bat asfaltatuko dute.
- Donostia etorbidea: Lehen zatia asfaltatuko dute, 2.378 metro koadro inguru.
Lanen kontratua dagoeneko sinatu dute, eta aurretiazko lanekin hasita daude. Aurrera begira, baliteke lan horiek egiteko, eremu horietako bakoitzaren trafikoan edo aparkalekuetan eragina izatea. Hortaz, lanak hasi baino lehen jakinaraziko du udalak, tokian bertan seinaleen bidez, baita haren kanalen bidez ere.
Konponketa gehiago
Asfaltatze Plan hau iazko urtearen hasieratik landu dute, Hirigintza Sailak galtzada-zoladuren kontserbazio-egoerari buruz egindako txostena oinarri hartuta. Ander Figuerido hirigintza zinegotziak esan du behar gehiago dituztela identifikatuta, beste gune batzuetan, baina aurreratu du oraingoz lan batzuk egingo dituztela. «Eremu batzuetan behar berriak sortu dira, Nafarroa Etorbidean adibidez. Jada lanean gabiltza hori konpontzeko, trafiko handiko gunea baita», gaineratu du.
Zinegotziak adierazi du aurten beste asfaltatze-plan bat egitea aurreikusten duela udalak, eta jada martxan daudela. Hain zuzen, 2026ko asfaltatze-lanetarako ere 500.000 euro bideratuko ditu udalak.