'Dementzia bizitzen' programak sei hitzaldi antolatu ditu irailera bitarte

Ataria 2026ko urtarrilaren 13a

Buru bihotzez elkartearen horma-irudia Tolosan.

Programak helburu du dementzia duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzea. Horretarako, esku-hartze zuzeneko saioak egiten dituzte astero.

Dementzia duten pertsonentzat eta haien zaintzaileentzat diseinatutako programa komunitarioa da Dementzia Bizitzen. Pertsonarengan Oinarritutako Arreta (BZA) ereduan oinarritzen da, eta Tolosako Udalaren eta hainbat toki-erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Lankidetzaren helburua da narriadura kognitiboa atzeratzea, nahi ez den bakardadea izateko arriskua murriztea eta kaltetutako tolosarren ongizate emozionala hobetzea.

Ekimenaren helburu nagusia da autonomia pertsonala sustatzea eta ezintasunak eta mendekotasunak eragindako beharrei erantzutea. Horretarako, esku-hartze zuzeneko saioak egiten dituzte astero. Ordu eta erdiko iraupena izaten dute, funtsezko hiru ardatzekin: artikulazioen mugikortasuna eta oreka hobetzeko fisioterapia programa, estimulazio kognitiboa eta gogorarazte-terapia parte-hartzaile bakoitzaren bizi-historiaren bitartez eta sentsazio anitzeko estimulazioa, musikoterapia, errealitate birtuala eta txakurrekin lagundutako terapia barne hartzen dituena.

Asteroko saioez gain, herritarrentzako ikastaro- eta hitzaldi-ziklo irekia ere antolatzen dute, gaixotasunen inpaktu sozialari buruz sentsibilizatzeko. Aurten, sei saio antolatu dituzte elkarlanean, udalak, Inmakulada Lanbide Ikastolak, Buru Bihotzez elkarteak, AFAGIk eta Osakidetzak, eta saio horietan, dementziaren alorrean erreferente diren profesionalek parte hartuko dute. Kultur etxean izango dira, eta irekiak badira ere, aurrez eman beharko da izena Inmakulada Lanbide Ikastolan edo honako telefono honetara deituta: 943 673 629.

Saioen egutegia:

  • Urtarrilak 21 (17:00-19:30): Arlo emozionalaren lanketa. Igone Etxeberria.
  • Martxoak 4 (17:00-19:30): Elikadura eta dementzia. Josu Martinez.
  • Apirilak 28 (17:00-19:30): Aurretiazko borondateak eta dementzia duten pertsonentzako babes ekonomikoa. Buru Bihotzez + Osakidetza.
  • Maiatzak 27 (18:00-19:30): Dementzia eta loa. Miren Altuna.
  • Irailak 23 (18:00-19:30): Bakardadea eta dementzia. Javier Yaguas.
  • Irailak 30 (17:00-19:30): Mendekotasunari lotutako gizarte-zerbitzuak eta zaintzaileen kontratazioa. Gizarte Zerbitzuetako langileak eta Lehiberri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!