Tolosako Euskararen Aholku Kontseiluak bilera irekia egingo du bihar

Ataria 2026ko urtarrilaren 13a

Galtzaundiren egoitzan izango da, 18:00etan. Euskara sustatzeko iaz egindako lan nagusien berri emango dute, eta 2026ko erronkak aztertuko dituzte.

Tolosako Udalak martxan du herriko hizkuntza-politika elkarlanean bideratzeko organo bat: Euskararen Aholku Kontseilua. 2024ko abenduan onartu zuen Hizkuntza-politikako Plan Estrategikoa 2025-2034 dokumentua, eta horri jarraituz ari dira garatzen euskara sustatzeko politikak.

Euskararen Aholku Kontseiluaren kasuan, batetik, hilero elkartzen den batzorde iraunkorra dago. Bestetik, urtean bi batzar ireki egiten dituzte, herritarrek eta eragileek parte hartzeko. Hain zuzen ere, bihar, asteazkena, batzar irekia egingo du kontseiluak; 18:00etan izango da Galtzaundiren egoitzan, Plaza Berrian.

Ordubete inguruko bilera izango da. Alde batetik, 2025ean euskara sustatzeko egindako lan nagusien berri emango dute. Horrez gain, 2026ko erronkak aztertuko dituzte, eta ekarpenak eta galderak egiteko tartea ere egongo da. Herritar eta eragile orok parte hartu dezake bileran.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!