Larunbat arratsaldean, Tolosako Leidor aretoan, Andoni Egaña, Maider Arregi, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi eta Onintza Enbeita bertsolariak ariko dira taula gainean, Amaia Agirreren esanetan. Azken sarrerak geratzen dira eta hauek online eskuratu daitezke. Larunbatean ere azken sarrerekin leihatila irekiko da, 17:00etan. Eskudirutan ordaintzea eskatzen da (20 euro). Ezingo dira aurrez erositako sarrerak itzuli.
Sarrerak erosita dituztenei puntualtasuna eskatzen diete antolatzaileek. Leidorrera sartzeko ateak 17:15ean zabalduko dira, eta jendeari denborarekin etortzeko eskatu nahi zaio. 18:00etan hasiko da saioa, eta puntual hasiko dela ohartarazi dute. Behin ateak irekita «lasaitasunez» ibiltzeko eskatzen zaie bertsozaleei, sarrerak zenbakituak direnez, bakoitza bere lekuan eseri beharko baita. Jaialdiak bi orduko iraupena izango du, beraz, 20:00ak aldera amaituko da; eta amaieran ere, lasaitasunez aretotik ateratzeko eskaera egiten da.
OHARRAK
- Ateen irekiera 17:15ean.
- Puntual etortzea eskatzen da, 17:55erako guztiak barruan eta eserita.
- Leihatila 17:00etan irekiko da, azken sarrerekin.
- Sarrerak zenbakituak dira eta bakoitzak bere eserlekuan eseri beharko du.
- Amaieran lasaitasunez ateratzea eskatzen da.