Hasi dira Iurramendi kaleko etxebizitza tasatuetako giltzak ematen

Ataria 2026ko urtarrilaren 7a

40 etxebizitza daude, bi eraikinetan banatuta; haur parkea, aparkalekuak eta kalea bera zabalik daude jada.

Iurramendi kaleko etxebizitza tasatuen jabeak hasi dira giltzak jasotzen. Lanak amaituta, jada bertan bizitzen jartzeko kontratuak sinatzen ari dira. 2023an zozketa bidez esleitu ziren eraiki berri diren 40 etxebizitzak.

Eremu horretako urbanizazio lanak ere amaitzear daude. Azken xehetasun batzuk falta badira ere, kalea bera zabaldu da, eta erabilgarri daude haur parkea eta aparkalekuak.

Eremua garatzeko falta direnak

Bi eraikin falta dira eremua guztiz amaitzeko. Batetik, sustapen pribatuko eraikin bat egitea falta da, Iurramendi kaleak Martin Jose Iraola kaleko aldaparekin bat egiten duen puntutik gertuen dagoen orubean. Sustapen pribatukoa bada ere, eraikin horren etxebizitzen erdiak babes ofizialekoak izango dira; gainerakoak, libreak.

Bestetik, udalak belaunaldiarteko etxebizitza egingo du aurrez aipatutako etxe berrien eta haur parkearen arteko orubean. Denbora luzez etenda egon dira lanak, proiektua idazteko kontratuaren esleipena auzitara eraman baitzuen iaz lehiaketa publikora aurkeztu zen enpresetako batek. EAEko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO), ordea, udalaren aldeko ebazpena eman berri du, eta jada esleitu da kontratua. Martxan da, beraz, proiektuaren idazketa.

Eremuak, orotara, 484,14 metro karratuko azalera du eta bertan sotoa, behe solairua, hiru solairu altu eta teilatu azpiko solairua eraiki ahal izango dira: 12 eta 15 etxebizitza artean izango dira. Askotariko etxebizitzak egitea proposatu da, askotariko familia ereduei erantzun ahal izateko: logela bakarrekoak edo bi logelakoak. Behe solairuak erabilera komertziala edota komunitarioa izateko baimena izango du, gainera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!