Faxismoaren aurka borrokatzeko beharraren kontzientzia pizteko erakusketa, Tolosan

Ataria 2026ko urtarrilaren 7a

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak 'Oroimena borrokan eraiki' erakusketa ikusgai jarriko du larunbat honetan Tolosako kultur etxean; 10:00etatik 14.00etara bitarte bisitatu ahal izango da.

Larunbat honetan, urtarrilak 10, Oroimena borrokan eraiki erakusketa ikusgai jarriko du Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak Tolosako kultur etxean. Gerra garaia eta Frankismoa Tolosaldean nolakoak izan ziren azalduko dute; gerra aurreko garaia, gerrako urteak, gerraostea eta 1960. urtetik 1975. urtera bitarteko erresistentzia lantzen dituen bilduma da.

10:00etatik 14:00etara egongo da ikusgai erakusketa, eta zenbait irudi historiko biltzen dituzten panelez osatuta egongo da. 11:00etan erakusketa gidatua egingo dute historialari batekin; azalpen sakonagoak entzun ahal izango dituzte joaten direnek.

Kontseilu Sozialistari «garrantzitsua» iruditzen zaio historikoki gertatutakoa ezagutzea eta ezagutaraztea. «Garai latzak izan ziren, erregimen faxista baten errepresioa nonahi, erbesteratzea, fusilamenduak...». Gainera, «mundu justuago baten alde altxatu zirenak omentzeko» baliatu nahi du erakusketa. «Gaur egun ere, inoiz baino ozenago entzun ditzakegu faxismoaren oihartzunak, eta, beraz, inoiz baino garrantzitsuagoa da faxismoak gurean utzitakoak oroitzea, eta haren aurka antolatzeko beharraren kontzientzia piztea», adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!