Tentsio eta emozio handiko finalak Usabalen

Ataria 2026ko urtarrilaren 5a

Goizean, 43. Garaje Tolosa Areto Futbol Txapelketako bost finaletatik hiru jokatu dira Tolosako kiroldegian; horietatik bi penalti jaurtiketetan erabaki dira.

Gabon hauetan ere egin du bere ibilbidea Tolosako areto futbol txapelketak. Aurten, 43. edizioan, Tolosa CF kirol taldeak antolatu du lehen aldiz, Garaje Tolosaren babesarekin –lehenago, Shanti Kirolak dendak eta Kirolagunak elkarteak antolatu zuten–. Eskualdeko benjamin eta alebin mailako dozenaka neska-mutilek parte hartu dute, 48 taldetan banatuta. Talde horiek guztiak bost kategoriatan banatuta aritu dira, eta atzo eta gaur jokatu dituzte finalak.

Atzo, benjamin nesken eta 2017an jaiotako benjamin mutilen kategorietako finalak jokatu zituzten. Biak ere, final borrokatuak izan ziren, eta markagailu estua izan zuten. Benjamin nesketan, Suzko Izarrak taldea 1-0 gailendu zitzaion Suzko Sugeak taldeari. 2017an jaiotako benjamin mutilen finalean, Xirama taldea izan zen txapeldun; 2-1 irabazi zion Pumak taldeari.

Bada, gaur jokatu dituzte gainerako hiru finalak, eta hirurak ere borrokatuak eta estuak izan dira. Horietako bitan, gainera, penalti jaurtiketen bidez erabaki dira txapeldunak. Lehen finalean, 2016an jaiotako benjamin mutilenean, gol festa handia izan da. Launa amaitu da partida, eta ondorioz, penalti jaurtiketetan erabaki da irabazlea. Sei metrotako jaurtiketetan tentsioa nabari zen kantxan, eta hobeto aritu da Izurde Beltzak taldea; hark lortu du garaipena. Izotzezko Baloiak taldea izan da txapeldunorde.

Bigarren finala alebin nesken mailakoa izan da. Tarukutraku talde ibartarrak eta Berastegiko Tigre Txikiak taldeak neurtu dituzte indarrak. Emozio handiko finala izan da. Lehen zatian, ibartarrak aurreratu dira, baina kontraerasoan eta geldikako jokaldi batean gol bana egin dute berastegiarrek, eta abantailarekin heldu dira atsedenaldira: 2-1. Bigarren zatian, gora egin du tentsioak, eta bi taldeek ez dute asmatu ate aurrean; ibartarrek izan dituzte aukera garbienak, berdinketa lortzeko. Finala amaitzeko hiru minutu falta zirela, hirugarren gola egin dute berastegiarrek, eta bazirudien finala erabakita zegoela. Baina, minutu erdiren faltan, bigarrena egin dute ibartarrek. Hala ere, ezin izan dute berdintzea lortu. Azkenean, Berastegiko Tigre Txikiak taldea izan da garailea.

Hirugarren eta azken finalean, are handiagoa izan da tentsioa eta emozioa. Marrazo Gorriak A taldea 2-0 aurreratu da markagailuan; bigarren gola, faltaz egindakoa, ikusgarria izan da. Tximistak Aurrera!! taldea, txapelketan zehar bezala, nagusi izan da gaur ere. Baloi jabetza handiagoa izan du, baita golak egiteko aukera garbiagoak ere, baina lehen zatian ezin izan du baloia aurkarien atean sartu. Bigarren zatia hasi eta gutxira egin du 2-1ekoa, eta 10. minutuan binako berdinketa jarri du markagailuan. Hirugarren gola egiteko aukerak ere izan ditu, baina Marrazo Gorriak A taldeak partida osoan zehar sendotasun handia erakutsi du defentsan, eta berdinketa mantentzea lortu du. Penaltietan, Marrazo Gorriak A taldeak gehiago asmatu du, eta harentzat izan da garaipena.

Beste urte batez, arrakasta handiko txapelketa izan da, eta hala erakutsi dute gaur Usabal kiroldegira joan diren ikusleek. Emozioa eta tentsioa, bai kantxan, baita harmailan ere.

Garaje Tolosa 43. Areto Futbol Txapelketako sailkapenak

Benjamin neskak:

  1. Suzko Izarrak
  2. Suzko Sugeak
  3. Otso Beltzak
  4. Urrezko Leopardoak

Benjamin mutilak (2017):

  1. Xirama
  2. Pumak
  3. Otso Beltzak
  4. Tximista Urdinak

Benjamin mutilak (2016):

  1. Izurde Beltzak
  2. Izotzezko Baloiak
  3. Izotzezko Dragoiak
  4. Kalaberak

Alebin neskak:

  1. Berastegiko Tigre Txikiak
  2. Tarukutrako
  3. Tigreak
  4. Tolosako Katu Lagunak

Alebin mutilak:

  1. Marrazo Gorriak A
  2. Tximistak Aurrera!!
  3. Suzko Baloiak
  4. Arrano Beltzak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!