Venezuelako eraso inperialista gaitzetsi dute Tolosan

Ataria 2026ko urtarrilaren 4a

Venezuelak atzo, hilaren 3an, Ameriketako Estatu Batuen (AEB) eskutik jasandako eraso inperialista gaitzesteko elkarretaratze bat egin dute Tolosako Trianguloa plazan, Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak deituta. 

Kontseilu sozialistatik azaldu dutenez elkarretaratzean, AEBetako presidente Donald Trumpek agindutako aire-bonbardaketa gogorra jasan zuen Venezuelako hiriburuak. Gutxienez zazpi leherketa izan ziren hainbat instalazio militarretan, hala nola Fuerte Tiunan eta La Carlota hegazkin-basean. Lekukoek azaldu zuten aire-ontzien hegaldi iraunkorrak izan zirela altuera baxuan, baita aldizkako dardarak eta hiriburuan etengabe altxatzen ziren ke-zutabeak ere. Halaber, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak iragarri zuen indar estatubatuarrek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea eta haren emaztea bahitu zituztela.

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak Venezuelako langileriari elkartasuna adierazi eta haien erresistentziarako eskubidea aldarrikatu nahi izan ditu. Argi adierazi dute «AEBk beren kontrolpeko erregimen bat ezarri nahi dutela Venezuelan, multinazional yankien etekin pribatua handitzera bideratuta». Gainera, «Estatu Batuen eskutik etorriko litzatekeen gobernu batek eskuin muturra indartzea ekarriko lukeela; eta aldi berean, bertako milaka familiaren pobretze bat ere, eskubide politiko oro ezabatzea ekarriko bailuke». 

Horrekin batera, faxismoaren eta inperialismoaren aurka borrokan jarraituko dutela adierazi dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!