Iker Vicentek lortu du garaipena

Ataria 2026ko urtarrilaren 4a

Iker Vicente, atzo, Tolosako zezen plazan. Argazkia: Sergio Martin

Atzo, Tolosako zezen plazan jokatu zuen erronka otsagabiarrak Eneko Otañoren aurka; minutu eta erdiko –51.09 denbora– aldea atera zion beizamarrari, apustua irabaziz.

Iker Vicente nagusitu da Eneko Otañoren aurkako aizkora desafioan. Atzo, Tolosako zezen plazan jokatu zuten erronka goi mailako bi aizkolariek. Vicentek hamalau kanaerdiko eta lau oinbiko ebaki behar izan zituen, eta bi kanaerdiko gutxiago, Otañok. Otsagabiarrak 51.09 denboran ebaki zituen hemezortzi enbor horiek, garaipena eskuratuz. Beizamarrak, berriz, 53.31 denboran moztu zituen bere hamaseiak.

Atzo, jendetza bildu zen Tolosako zezen plazan apustua ikusteko. 6.000 euro izan zituzten jokoan bi aizkolariek, eta beraz, Otsagabiakoak lortu zuen saria. Otaño bi oinbiko eta bost kanaerdiko zituen egur lerroa hasi zen ebakitzen; Vicente, berriz, bi oinbiko eta zazpi kanaerdiko zituen lerroa. Zerrenda horretako egurrak moztean, lau minutu inguru ateratzen zizkion Otañok Vicenteri.

Otsagabikoa, ordea, bestelako itxura batekin aritu zen hirugarren oinbikotik aurrera, eta orduan lortu zuen hark proba iraultzea. Egurrak erdibana eraman zituzten bi aizkolariek, eta hain justu, adarrek ere eman zuten zeresana desafioan; izan ere, beizamarrak denbora dezente galdu zuen bigarren oinbikoan. Kontrara, Vicentek berak emandako egurrak mozten egin zituen denbora onenak. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!