Vicente eta Otaño nor baino nor urteko lehen desafioan

Ataria 2025eko abenduaren 30a

Larunbatean, urtarrilaren 3an, Tolosako zezen plazan aizkora desafioa jokatuko dute 17:00etan. 12.000 euro jarri dituzte jokoan.

Iker Vicentek eta Eneko Otañok aizkora desafioa jokatuko dute larunbatean, urtarrilaren 3an, Tolosako zezen plazan 17:00etatik aurrera.

12.000 euro jarri dituzte jokoan eta Vicentek 54 ontzako –kanaerdiko– 14 enbor eta 72 ontzako –oinbiko– 4 ebaki beharko ditu; Otañok, berriz, bi enborreko abantaila izango du, 54 ontzako –kanaerdiko– 12 eta 72 ontzako –oinbiko– 4 bota beharko baititu.

Erdibana jarri dituzte egurrak eta larunbat goizetik ikusgai izango dira zezen plazan.

Joxeanjel Sarasola asteasuarrak aurkeztu du desafioa eta bere esanetan azken garaiotako maila handienetakoa izango da larunbatekoa. 

Otsagabiakoak prestakuntza behar bezala egin duela esan du, ez du inongo minik eduki eta arazorik gabe jardun du azkeneko asteotan. «Entrenamenduak ongi eta nahi bezala egin ditut, eta momentu onean iristen naiz desafiora. Esperantza daukat lanak txukun egingo ditudala».

Beizamakoak, berriz, nabarmendu du entrenamenduak berak nahi bezala joan direla. «Konfiantza handiarekin iritsi naiz desafiora eta preparatuta nago lan on bat egiteko. Ea egunean bertan etxeko lanak aurrera ateratzeko gai naizen».

Larunbatean 11:00etan irekiko da leihatila desafiorako sarrera erosteko. 50 euroko prezioa izango du sarrera bakoitzak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!