Tolosako eta Elgoibarko bizi-euskarri aurreratuko anbulantzien zerbitzua Ambulancias de Gipuzkoa enpresak ematen zuen orain arte. Enpresa horrekin hitzarmena urtarrilaren 6an amaituko da, eta Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak erabaki dute kontratua amaitzea eta, urtarrilaren 7tik aurrera Osakidetzak kudeatuko du zuzenean zerbitzua.
Bada, ELA sindikatuak salatu duenez, orain arte Gipuzkoako anbulantzien zerbitzua beren gain hartu duten 45 profesionalen (medikuak, erizainak eta osasun-garraioko teknikariak) lanpostuak ez daude bermatuta. «Horrek indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa ez betetzea dakar. Euskadiko Gaixo eta Istripudunen Garraioaren Hitzarmen Autonomikoko 12. artikuluak argi dio: titulartasun edo kudeaketa aldaketetan enplegua eta lan baldintzak bermatu behar dira». ELAri bereziki larria iruditzen zaio administrazio publiko batek betebehar horiek saihestu nahi izatea: «Ez da arazo teknikoa, ezta juridikoa ere, borondate politiko kontua baizik».
Sindikatuak esan duenez, langileak zerbitzua publiko egitearen alde daude, «baina ez dute onartuko langileen kaleratzeen kontura egitea, langile horien lan eskubideak errespetatu gabe». ELAk (3 ordezkari) hilabeteak daramatza informazioa, elkarrizketa eta gardentasuna eskatzen, baina prozesua «aldebakarrekoa eta opakoa» izan dela salatu du. «Azken mahai sektorialean ez zen aldaketaren berri eman, eta gainera, prozesua bizkortu egin da jai egunak tarteko, sindikatuen eta gizartearen erantzuteko gaitasuna zailduz».
ELAk Osakidetzako arduradunei exijitu die indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa betetzeko, Tolosan eta Elgoibarren bizi-euskarri aurreratuko zerbitzua ematen duten langile guztien subrogazioaren bidez, hala nola publifikazio prozesu gardena, negoziatua eta benetako lan bermeekin. Helburuak lortu arte borrokan eta mobilizatzen jarraituko duela adierazi du sindikatuak.
Jaurlaritzaren erantzuna
Gaur arratsaldean Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen ohar batean esan du goizean bildu direla Ambulancias Gipuzkoa enpresarekin eta bertako langileekin. Osasun Sailak ziurtatu du profesionalak subrogatu egingo direla eta dagozkien plazak beteko dituztela, «EPE bidezko arauzko estalduraraino», Osasun Sistema Publikoko langileen baldintza berdinetan. Ohar horretan Jaurlaritzak esan du hori horrela izango dela subrogazioa erabakitzen duten langileekin, «borondatezkoa delako, eta Ambulancias Gipuzkoa enpresak beharginei anbulantzien beste destino batean jarraitzeko aukera ematen dielako».
Osasun Sailak, aldi berean, iragarri du Donostiako anbulantzia zerbitzua 2026an zehar publifikatuko dela: «Modu horretara anbulantzia medikalizatuen zerbitzuaren % 100 Osakidetzak eramango du oso-osorik».
Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak sare sozialetan esan du langileek ez dakitela ezer Eusko Jaurlaritzak arratsaldean esandakoaz. Langileek jakinarazi omen diote inor ez dela haiekin bildu. Hain zuzen, EH Bilduk gaur legebiltzarrean eskatu du Osasun Batzordea berriro aktibatzeko bertan agerraldiak egin ditzaten Osasun Sailburuak eta baita Tolosako eta Elgoibarko anbulantzietako langileek ere. Batzorde parlamentarioa urtarrilaren 7a baino lehen martxan jartzeko exijitu du EH Bilduk, egun horretatik aurrera Eusko Jaurlaritzak zuzenean kudeatuko baitu zerbitzua.