Hiribusaren ibilbide eta ordutegi berria 2026ko urtarrilaren 2an sartuko da indarrean. Azken osoko bilkuran onartu zuen udalbatzak moldaketa egin ahal izateko kontratuaren aldaketa, behin betiko izaeraz, udal gobernuaren aldeko botoekin eta oposizioaren abstentzioarekin.
Irailean egin ziren Hiribusaren ibilbidean eta ordutegian lehen egokitzapenak, behin behinean. Egungo kontratua 2020tik dago indarrean, eta 2026ko maiatzean amaitzen denez, kontratu berrira begira aldaketak aurrez probatzea izan zen helburua, lizitazioan kontrastatutako aldaketak sartu ahal izateko. Ebaluazio-aldia pasa eta gero, ateratako ondorioetan oinarrituta, aldaketa gehiago aplikatu dira ibilbidean eta ordutegian, eta behin betiko aldaketa izapidetu da. Onartu berri den hau izango da hurrengo lizitazioaren oinarria.
Bi aldaketa nagusi izango dira. Batetik, berriro ere Iurreamendi egoitzara igoko da Hiribusa. Irailera bitarte egunean bitan igotzen zen egoitzara, arratsaldez. Igotzeko maldak sortzen zizkion arazoengatik, geltoki hori kendu egin zen. Bada, egoitzako egoiliarren senideen eskariari jarraituz, eta ibilgailuak arazorik izan ez dezan aldaparen hasieran errepidea egokitzeko lanak egin eta gero, berriro ere zerbitzua emango du urtarriletik aurrera. Gainera, eskaintza bikoiztu egingo da. Erabilera datuak apalak ziren, baina senideekin aurrez aurre egindako bi bileretan, ondorioztatu zen irailera arteko zerbitzuak ere ez zituela beren beharrak asetzen. Horregatik lau aldiz igoko da aurrerantzean, lehen egiten zituen arratsaldeko bi bidaiez gain (15:45 eta 19:02), goizean ere beste bitan joango baita (10:24 eta 12:44).
Bestetik, ordutegiak doitu egin dira. Iurreamendiko aldaketak behartuta, ordutegiak ere moldatu dira. Berrantolaketa egitean, ikastetxeen sarrera eta irteera orduetara, eta gainerako garraioen ordutegietara are gehiago hurbiltzeko aldaketak egin dira. «Faktore asko hartu behar izaten dira kontuan ordutegia egokitzeko: garraioa, ikastetxeak, zerbitzuen irekiera, egoitzetako bisita-orduak, erabilera... Ariketa zaila da guztia egokitzea, eta oreka ahalik eta handiena bilatzen saiatu gara», azaldu du Aitor Agirresarobe zinegotziak. Horrez gain, ordu-tarte zabalagoak eman zaizkio autobusari: «Arnas gehiago ematea bilatu dugu. Orain arteko ordutegia oso exijentea zen, bai gidarientzat, baita autobusa berarentzat ere. Denboraren poderioz, ibilgailuak ez du nahikoa autonomia izaten, eta maiz matxuratzen da. Edozein arazok atzerapenak sortzen ditu, edo abiadura azkartzera behartu. Hori ere kontuan izan dugu, eta zerbitzuari arnas gehiago emanda, uste dugu faktore horiek ere hobetu ahal izango direla, zerbitzuaren mesedetan», gaineratu du.
Ibilbide eta ordutegi berria Tolosa.eus/hiribusa helbidean daude ikusgai. Horrez gain, datozen egunotan markesinetan itsatsiko dira. Aldaketa baliatuta, markesinarik ez dagoen geltokietako posteetako ordutegi pertsonalizatuak ere eguneratuko dira, urte luzez aldatu gabe egon eta gero. Autobusean bertan ere izango da ordutegia eskuratzeko aukera, gidariari eskatuta.