Aldaketak trafikoan eta hondakinen bilketan

Ataria 2025eko abenduaren 23a

Garraio publikoaren geralekuak lekuz aldatuko dituzte eta 24an eta 31n ez da hondakinen bilketarik egingo.

Trafikoan eta hondakinen bilketa zerbitzuan aldaketak izango dira Gabonetan. Abenduaren 24an, 31n eta urtarrilaren 5ean, errepide mozketa puntualak egingo dira, arratsaldetik aurrera. Garraio publikoaren geralekuak ere lekuz aldatuko dira. Hiribusari dagokionez, hilaren 24 eta 31n, 20:00etan amaituko da zerbitzua.

Abenduaren 24ari dagokionez, 14:00etatik 22:00etara Rondilla kalea itxita egongo da autobusentzat; horren ordez, geltokia Santa Klarara lekualdatuko da. Autoek, aldiz, pasatzeko aukera izango dute, Olentzero eta Mari Domingiren kaleijra hasi arte. 18:00etan moztu egingo da trafikoa, kalejira amaitu arte. Hala eta guztiz ere, 14:00etatik aurrera, kotxeek ezingo dute aparkatu Barrena, Rondilla eta San Frantziskon (Geltoki kaleko bidegurutzeraino).  

Abenduak 31n, 14:00etatik aurrera, eta Elkartasun krosa amaitu arte, autobusek Santa Klaratik joan beharko dute. Rondilla kalea itxita egongo da ibilgailuentzat lasterketak iraun bitartean. Ez dira kotxeak erretiratu beharko, baina aparkatuta dauden autoak ezingo dira mugitu lasterketa amaitu arte. 

Urtarrilaren 5ean, 14:00etatik 22:00etara autobusek Santa Klaratik joan beharko dute. Ondorioz, tarte horretan Rondilla eta San Frantzisko pasealekuko autobus geltokiak Santa Klarara lekualdatuko dira. Autoek, berriz, 14:00etatik 18:00etara pasa ahal izango dute, baina ezingo dute Barrena, Rondilla eta San Frantziskon aparkatu (Geltoki kaleko bidegurutzeraino). Erregeen kabalgata hastean, trafikoa moztuko da Rondillan eta San Frantziskon, kabalgata bukatu arte. Amaitzean, berriro ere zabalduko da.

Hondakinen bilketa zerbitzu berezia

Bestalde, Tolosaldeko mankomunitateak iragarri du zenbait aldaketa egingo direla data seinalatuetan hondakinen bilketari dagokionez.

Abenduaren 24an eta 31n, ez da bilketa zerbitzurik egingo gauez. Horren ordez, egun horietan arratsaldera aurreratuko da bilketa eta zerbitzuan errefortzua egingo da 13:00etik 18:00etara bitarte. Ontzi arinak, organikoa, errefusa eta komertzioetako kartoia jasoko dira, 18:00ak arte.

Abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean, goizez papera jasoko da eta gauez ohiko bilketa zerbitzua egingo da. Bi egun horietan, ez da egingo sortzaile berezien organikoaren eta industriguneetako hondakin bilketarik. Urtarrilaren 6an, goizean kartoi bilketa egingo da, eta gauetik aurrera ohiko zerbitzua emango da. 

Abenduaren 24 eta 31n, Garbiguneak goizeko ordutegian bakarrik egongo dira zabalik; 09:00-13:30 bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!