Barakaldoko erailketa matxista salatu dute Tolosan

Ataria 2025eko abenduaren 23a

Barakaldoko erailketa martxista salatzeko eguerdien bildu dira Tolosako Trianguloa plazan. LEYRE CARRASCO

Tolosako Asanblada Feministak Trianguloa plazan egin du elkarretaratzea gaur eguerdian, eta besteak beste, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu ditu. Tolosako Udalak bat egin du elkarretaratzearekin.

Abenduaren 21an, emakume baten gorpua aurkitu zuten Barakaldoko etxebizitza batean, eta gauean 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Autopsiaren lehen emaitzen arabera, indarkeria jasan izanaren zantzuak zituen 54 urteko andrazkoaren gorpuak, eta Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistatzat hartu du hilketa. Momentuz, Ertzaintzak ez du konfirmatu hilketa matxista izan denik, eta kasua ikertzen ari da.

Emakumeen kontrako indarkeria salatzeko elkarretaratzea egin dute eguerdian Tolosako Trianguloa plazan, Tolosako Asanblada Feministak deituta. «Hau ez da kasu isolatu bat, ezta ezbehar bat ere. Emakumeon aurkako indarkeria sistema kapitalista, arrazista koloniala eta patriarkalaren tresnarik krudelen eta zuzena da. Sistema honek gure gorputzak eta bizitzak kontrolpean mantendu nahi ditu, eta indarkeria erabiltzen du bere ordena mantentzeko», esan dute.

Horregatik, erakunde publikoei ozen eskatu diete berdintasun politikek ez dutela marketin hutsa izan behar. «Premiazkoa da baliabide errealak, integralak eta norabide politiko argia jartzea indarkeriaren erroari aurre egiteko. Prebentzioa eta babesa ez dira aukera bat, betebehar bat baizik», azaldu dute.

Indarkeria matxistaren aurreko pasibotasuna «konplizitatea» dela diote, eta erantzukizun kolektiboa ere eskatu dute, «inguruan gertatzen diren erasoak salatzeko eta sistema honen oinarriak pitzatzeko. Batez ere, gizonezkoei; hartu zuen ardura orain! Ez dugu onartuko emakume bat gehiago bere etxean edo kalean beldurrez bizitzea».

Tresnarik indartsuenak «elkartasuna eta autodefentsa feminista» direla adierazi dute, eta «mundu hau eraldatu arte elkarrekin, antolatuta eta borrokan jarraituko dutela» azpimarratu dute.

Halaber, Tolosako Udalak bat egin du gaurko elkarretaratzearekin eta herriko mugimendu feministarekin eta eragile sozialekin elkarlanean jarraituko duela adierazi du, «indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan, indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz urratsak emanez». Horregatik, udalak gogorarazi du edozein motatako indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek udalaren babes osoa dutela eta, besteak beste, Andragoran, Tolosaldeko Emakumeen Etxean dituzten baliabide zein zerbitzuak eskainiko dizkiela. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!