Urteko azkena. Berezia. Gabonetakoa. Halakoxea izan da gaurko Tolosako azoka: ezin arrakastatsuagoa eta ezin beteagoa. Izan ere, guztira ehundik gora postu egon dira herrian barrena sakabanatuta. Trianguloan eta Alondegi plazan, batik bat, elikagaiak izan dira; San Frantzisko pasealekuan, herriko eragileak eta artisauak; eta, azkenik, Plaza Zaharrean, txikienen gozagarri, animaliak egon dira ikusgai.
Astoek hartu dute udaletxe aurreko plaza, eta bertaratu direnen argazkien protagonista bihurtu dira. Haurrek aukera izan dute animaliak ikusi, ukitu eta gainera igotzeko ere. Halaber, jende pilaketak uzten zuenean, astoen gainera igo dira gaztetxoenak, eta plaza inguruan paseatu dute.
Ehundik gora postu izan dira ikusgai Tolosan, eta denak jendez gainezka. Askotan zaila izan da postutik postura ibiltzea, eta bakoitzaren produktuak patxadaz ikustea. Hala ere, festa giro alaia nagusitu da azokan, eta festen atariko honetan erosketa ugari egin dituzte tolosarrek zein bisitariek.
Salmentarako egun aproposa zela iritzita, Tolosa&Co merkatarien elkarteak Denden Azoka antolatu du. Horrela, 26 saltokik atera dituzte euren produktuak denden atarietara eta Trianguloko karpara.
ATARIAren postua
ATARIAk ere sustapenerako baliatu du azoka, eta postua jarri du San Frantzisko elizaren parean. Komunikabideak materiala salgai jarri du, harpidetza egiteko aukera eskaini du, eta gaztetxoei zuzendutako hazi tailerra ere antolatu du.
