Txirrindularitza uzteko erabakia ez dela oraingo kontua esan du Eukene Larrarte tolosarrak. Aurretik ez badu ezer esan, ez zegoelako horretarako prestatuta zehaztu du. «Oso erabaki zaila da niretzako, eta ez dago arrazoi bakarra uzteko. Hainbat gauza gertatu dira aurten erabakia hartzeko». Ezin zuela gehiago eta gaizki pasatzen ari zela esan du: «Ez naizela nahikoa izatearen sentimenduarekin utzi dut. Ez naiz nahiko ona izan onenekin pistan lehiatzeko, eta ezta errepidean ere talde profesional batean aritzeko. Badago beste kontu bat, onartzea min ematen didana, ez baitakit zenbateraino izan zen inflexio puntua... Parisko Olinpiar Jokoak».
Larrartek ez zuen lortu sailkatzea Parisko Olinpiar Jokoetara. Sailkapen fasearen lehen urtean emaitza onak lortu zituen. Hurrengo urtean sailkapen proba guztietan hanka sartu zuela dio: «Ni izan nintzen kanpoan geratzeko arduradun bakarra». Presioak dena aldatu zuela esan du tolosarrak: «Nik neure buruari jarri niona eta besteek jarri zidatena. Prestatuta ote nengoen? Kontua da fokua eta benetako helburua guztiz galdu nituela. Eta kanpoan geratu nintzen. Eta, bat-batean, bakarrik zaude. Kirolari bat Olinpiar Jokoetatik kanpo geratzen denean bakarrik sentitzen da, hutsune bat sentitzen du, eta zaila da esplikatzeko». Hori bizitzeak aldatu egin zuela uste du: «Neure buruari limiteak jartzen ikasi nuen. Ezetz esaten». Bere psikologoak ere lagundu ziola esan du: «Neure ni ez-txirrindularia zaintzen lagundu zidan».
Txirrindularitzak gauza on asko eman dizkiola esan du: «Batez ere pertsona asko ditut gogoan, mundu guztiko pertsonak dira, eta bizi guztirako diren anekdotak ditut beraiekin». Bere pistako taldearekin lehiatzen oso pozik aritu dela esan du: «Uste dut orduan bateratzen nituela ondoen lehiatzea eta gozatzea». Une honetan lortutakorekin ez dela harro sentitzen esan du: «Bete ez ditudan mila helburu eta anbizio ditut; eta bai, orain hitz egiten ari dena oso exijentea den Eukene da, berarentzat ezer ez dena nahikoa».
Azkenik, Emaitz entrenatzaileari, familiari eta lagunei eskerrak eman dizkie, ibilbidean zehar bere ondoan egon direlako.