Ekimen polita egin dute, goizean, Tolosako Samaniego Herri Ikastetxean. Irakasleek eta Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek antolatuta, Olentzaroari buruzko antzerki ibiltaria egin dute. Ez da lehen aldia izan. Azken urteetako ohiturari jarraipena eman diote, eta ekitaldiaren edizio berri bat egin dute gaur. Eguraldiak ez du batere lagundu; euria zela eta, ikastetxeko aterpeak baliatu behar izan dituzte.
Ikastetxeko bost gunetan banatuta, saio txikiak egin dizkiete Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. maila arteko ikasleei. Txoko bakoitzean istorio bat kontatu dute, eta garai batean neguko solstizioan izaten ziren ohiturak ezagutzeko aukera izan dute ikasleek. Olentzaroa zer zen eta zergatik ospatzen zen kontatu diete, ur berria edateak zer onura zituen azaldu diete, Mihura landareari buruzko argibideak eman dizkiete, gaztainak banatzen aritu dira, eta ikatza nola egiten zen kontatu dute, harekin aurpegiak margotzeaz gain. Gune batetik bestera, gainera, esaera zaharrak ozen oihukatzen aritu dira ikasleak.
Laida Martin, Martina Ares eta Oinatz Zubillaga ikasleak izan dira protagonista gune horietako batean. Aurreko urteetan ikusle izan ziren, eta gaur, antzeztea egokitu zaie. Hain justu, mihura landareari buruzko istorioa antzeztu dute, eta ondo ikasi dituzte haren ezaugarriak: «Gure arbasoei ez zitzaien inoiz ahazten mihura biltzea. Perla pozoitsuak dituen landarea da; horiek jatea oso kaltegarria da. Esaterako, haurdun zeudenek, haurra eduki nahi ez bazuten, perla horiek jaten zituzten, haurra hiltzeko», haurra hiltzeko. Gaineratu dute Mari Domingi oso garrantzitsua zela mihurak topatzeko. «Berak daki non dauden, eta berak soilik ditu mihura mozteko erabiltzen diren urrezko aizkora eta guraizeak. Horregatik, laguntza eskatzen aritu gara».
Hirurek nabarmendu dute irakasleek emandako testuak etxean buruz ikasten aritu direla. «Ni, behintzat, egunero aritu naiz errepasatzen», esan du Zubillagak. «Lehenik, aurreko urteetako bideoak ikusi genituen, nola egin jakiteko, eta ondoren, testuak lantzen hasi ginen», azaldu du Martinek. «Ni urduri etorri naiz, baina saioak egin ahala, lasaiago sentitu naiz», adierazi du Aresek. Hirurek esan dute «oso ondo» pasatu dutela.