Lehen itzulia bukatzeko bi partida falta direnean, Goar Artetxe entrenatzaileak esan du denboraldia ona izaten ari dela: «Taldea gaztea da. Aurreko denboraldia historikoa izan zen, hirugarren sailkatuta. Oraingoan errepikatu nahi dugu, baina nahiko zaila izango da». Denboraldi honetan lehenengo lau taldeek jokatuko dute igoera fasea, eta hor sartzea da helburu nagusia.
Liga oso ondo hasi zuten, lehen hiru partidak irabazita, baina azkenaldian ez dituzte emaitza onak lortu, azken lau partidetatik hiru galdu baitituzte. «Bigarren postuan geunden ia liga hasieratik eta azken porrotek laugarren postura jaitsi gaituzte. Hortxe gaude borrokan, eta une honetan garrantzitsuena larunbat honetan irabazi eta Gabonetara irribarre batekin iristea da».
Hain justu, larunbateko partida Usabal kiroldegian jokatuko dute, 18:00etan hasita. TAKE Eguna izendatu du klubak, eta 17:30ean talde guztietako kideek argazkia aterako dute elkarrekin. Gero, partidaren atsedenaldian, jokoak egingo dituzte. Neurketa Megacalzado Ardoi taldearen aurka izango dute. «Partida gogorra izango da. Igo berriak dira, baina oso ondo ekin diote denboraldiari. Taldea indartu dute bi fitxaketekin, eta ez da erraza izango». Etxean jokatzea abantaila dela dio Artetxek, baina taldeak bere maila onena eman beharko duela partida irabazteko. «Zorionez, lesionatuta egon direnak osatuta daude, eta talde osoa izango dugu martxan».
Liga oso berdinduta dagoela esan du entrenatzaileak: «Zornotza lehen sailkatua kenduta, edozeinek irabazi diezaioke edozeini. Egun on bat ez baduzu, edo behar den intentsitatearekin ez baduzu jokatzen, edozeinen aurka galdu dezakezu. Horrek liga erakargarriagoa egiten du zaleentzat eta taldeentzat». Aurreko denboraldian igoera fasea bi taldek bakarrik jokatu zuten, eta Iruki TAKEk oso gutxigatik ez zuen lortu sailkatzea. «Liga erregularrean bigarren postua lortuz gero, aurreko denboraldiko postua hobetu eta berriz historikoa izango litzateke. Baina benetan helburua lau postu horietan sartu eta maila honetan klubak lehenengo aldiz igoera fase bat jokatzea izango litzateke».
Zenbait aldaketa izan dira aurreko denboralditik, baina iazko oinarriari eutsi diote. Bigarren taldetik Joanes Elosegi igo dute, eta bi jokalari gazte etorri dira Beasaindik eta Azpeititik taldea osatzeko. Bestalde, hiru baja izan dituzte: Manex Sorarrain, Ioritz Sarasola eta Iñigo Moreno.