Beste urte batez, tolosarrek ez dute aitzakiarik izango Gabonetan herrian aspertzeko. Udalak eta herriko zenbait eragilek elkarlanean, 50 ekintza baino gehiago prestatu dituzte datozen egun eta asteetarako.
Abenduaren 24an izango da hitzordu jendetsuenetako bat: Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera. Haur ugarik parte hartuko du laguntzaile gisa; galtzagorri eta joaldun itxurako pertsonaiak gorpuztuko dituzte. Hain zuzen, joaldunen txapelak egiten aritu dira asteotan Gazte Topagunean.
Kalejira 18:00etan abiatuko da Plaza Zaharretik. Solana, Korreo eta Rondilla kaleak zeharkatu ondoren, San Frantzisko pasealekua zeharkatuko dute, eta Geltoki kalean amaituko da. Bada berrikuntza nagusi bat. Estreinakoz, Tolosako Udal Musika Bandak parte hartuko du kalejiran. Ondoren, urtero egin ohi duen kalejira egingo du, 19:30ean Gorriti plazatik abiatuta.
Aurten ere, Gure Zirkuko kideek koordinatuko dute kalejira, eta goizean San Esteban auzoan zirkuak duen karpan egongo dira Olentzero eta Mari Domingi. Haurrek eta familiek haiekin egoteko aukera izango dute, 10:30etik 13:30era.
Antzeko egitura izango du urtarrilaren 5eko errege magoen harrerak. Goizean, zirkuko karpan egongo dira, laguntzaileekin. Jaiotza lehiaketan parte hartzen duten lanak ere ikusgai jarriko dituzte bertan. Lehiaketan parte hartzeko, abenduaren 30a baino lehen eman behar da izena kultur etxean. Jaiotzak urtarrilaren 4an eraman behar dira zirkuaren karpara, 11:00etatik 13:00etara bitartean. Sariak –hiru politenentzat otordu bana Mele-melen– erregeek emango dituzte hilaren 5ean, 12:00etan. Gainera, lehiaketako partaideak jaiotzekin atera ahalko dira kabalgatan.
Desfilea 18:00etan abiatuko da Plaza Zaharretik, eta abenduaren 24ko ibilbide bera izango du. Aurtengoarekin alderatuta, aldaketa nagusi bat izango du: errege bakoitza egitura banatan egongo da. Aurten jasotako iritziak kontuan hartu ditu udalak, eta altuera baxuko hiru plataforma homologatu erosi ditu, haurrek erregeak «eskuragarriago» izan ditzaten. Gure Zirkua proiektuko kideek atonduko dituzte egiturak.
Musika saioak
Kultur-emanaldi ugari izango dira, eta berezienak musika saioak izango dira. Gaur izango da lehena: Lask abesbatzak kontzertua egingo du,19:30ean, Arrameleko elizan. Beste abesbatza batek, Hodeiertzek, Gabonetako kontzertua egingo du, igandean, Arimaz orkestrarekin batera; San Frantzisko elizan izango da, 19:30ean, eta sarrerak 5 euro balio du.
Bihar, berriz, Eduardo Mokoroa Musika Eskolako ikasleek kontzertu solidarioa egingo dute Topic museoko antzokian; 18:30ean hasiko da. Sarrerak 5 euro balio du, eta bildutako dirua Palestinaren alde lan egiten duen Unrwa elkartera bideratuko dute.
Bihar baita ere, 19:00etan eta Leidor aretoan, Isidro Larrañaga Musika Eskolako taldeek emanaldia egingo dute. Aurrez, 18:00etan, aurten sortu duten eskolako ikasleen txarangak kalejira egingo du, Ibarrako Idoiaga plazatik hasita; emanaldian ere parte hartuko du txarangak. 50 urte bete ditu eskolak, eta efemeride berezirako egin duten abestia joko dute, besteak beste.
Urtarrilaren 3an, Eñaut Elorrieta musikari gernikarra eta Xabier Zeberio tolosarra buru duen Alos Quartet taldea elkarrekin arituko dira Leidorren. Ahots kordak proiektua aurkeztuko dute, 19:00etan hasiko den kontzertuan. Elkarren diskoetan askotan kolaboratu duten arren, lehen aldiz aurkeztuko dute zuzeneko proiektu bat elkarrekin. «Urtarrilean loratu eta martxoan zimelduko den ekimen iheskorra da hau, kontzertu bakan eta hautatuak izango dituena», azaldu dute. Elorrietaren ibilbidea izango du ardatz emanaldiak, eta bere kantuekin osatuko dute saioa, baina harizko laukoteak bere abestiak ere joko ditu.
Azoka berezia
Larunbat honetan, Gabonetako Azoka Berezia egingo dute Tolosan. Parte hartzea altua izango da aurten; larunbateroko azokako ekoizleez gain, 100 postu baino gehiago izango direlako. Lau gunetan kokatuko dituzte, 09:00etatik 14:00etara: Trianguloa eta Alondegi plazak (elikagaiak), Plaza Zaharra (animaliak) eta San Frantzisko pasealekua (eragile, ikastetxe eta artisauak). Gainera, udal txistulari bandak musikaz girotuko ditu kaleak 11:00etatik 12:30era bitarte.
Berrikuntza bat ere izango da: Tolosa&Co Elkarteko merkatariak ere batuko dira, eta Denden azoka egingo dute, herriko saltoki txikiak sustatzeko helburuarekin. 26 saltokik parte hartuko dute, eta euren produktuak denden atarietan ikusgai jarriko dituzte egun osoan zehar. Saltoki horietako seik goizean zehar Trianguloan jarriko dute postua.
Ekintza gehiago
Gure Zirkuak ere herrian igaroko ditu Gabonak, eta bederatzi egunetan hamalau emanaldi egingo dituzte; gainera, zirku ikastaro trinkoa antolatu dute haurrentzat. Bestetik, Gure umorea komedia jaialdia egingo dute zirkuko karpan; abenduaren 23rako antolatu du saioa Galtzaundi Euskaltzaleen Elkarteak. Nerea Arriolak, Julen Portillok, Kike Amonarrizek, Antton Telleriak eta Jone Bengoak parte hartuko dute.
Ohikoa den eran, Gazte Topaguneak Gazte Astea egingo du. Abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra, eta Laskorain Ikastolak merkatu txikia antolatu du; abenduaren 22tik urtarrilaren 4ra bitarte egongo da zabalik, jaiegunetan izan ezik. Tolosaldea Sahararekin, Zutani eta Ibarratik Misio Taldea elkarteentzat izango dira irabaziak.
Haurrentzako eta helduentzako zinema emanaldiak eta magia eta antzerki ikuskizunak ere izango dira Leidor aretoan eta Topic museoko antzokian. Bestetik, abenduaren 28tik 30era Gabonetako haur parkea jarriko dute Zerkausian; 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Trianguloa plazan, berriz, karrusela jarri dute, eta urtarrilaren 12ra arte egongo da. Azkenik, Amarotz auzoan lehiaketa berezia jarri dute martxan. Abenduaren 26an, auzoko balkoirik dotoreena sarituko dute, bi lagunentzako afari batekin.
Egitaraua
- Abenduak 18, osteguna
- 19:30. Lask abesbatzaren kontzertua, Arrameleko elizan.
- 20:30. Urchin filma, Leidorren (helduentzat).
- Abenduak 19, ostirala
- 18:30. Eduardo Mokoroa Musika Eskolako ikasle taldeen kontzertu solidarioa, Topic-en. Sarrera: 5 euro.
- 19:00. Isidro Larrañaga Musika Eskolako taldeen kontzertua, Leidorren.
- Abenduak 20, larunbata
- 09:30-14:00. Gabonetako Azoka Berezia.
- Egun osoan. Tolosa&Cok antolatutako Denden Azoka.
- 19:00. Nuremberg filma, Leidorren (helduentzat).
- 22:00. Blue Moon filma, Leidorren (helduentzat).
- Abenduak 21, igandea
- 17:00. Olivia y el terremoto invisible filma, Leidorren (haurrentzat).
- 19:00. Nuremberg filma, Leidorren (helduentzat).
- 19:30. Hodeiertz Abesbatzaren eta Arimaz Orkestraren Gabonetako kontzertua, San Frantzisko elizan.
- Abenduak 21-urtarrilak 4.
- 16:30. XXII. Soroa Oroimenezkoa pilota txapelketako partidak, Beotibar pilotalekuan.
- Abenduak 22, astelehena.
- 19:00. Eduardo Mokoroa Musika Eskolako ikasleen gabonetako kontzertua, musika eskolako areto nagusian.
- 19:00. Blue Moon filma, Leidorren (helduentzat).
- Abenduak 22 eta 23.
- 09:00-12:30. Gabonetako pertsonaien maskara ikastaroa, Topic-en; 6 urtetik gorakoentzat.
- Abenduak 22-urtarrilak 4.
- 09:00-21:00. Tolosa CF-k antolatuta, Eguberrietako XLIII. Garaje Tolosa areto futbol txapelketa, Usabal kiroldegian.
- Abenduak 23, asteartea.
- 19:00. Gure umorea komedia jaialdia, Gure Zirkuaren karpan.
- 20:30. Agarralo como puedas filma, Leidorren (helduentzat).
- Abenduak 22tik urtarrilaren 4ra.
- 10:00-13:00 eta 17:00-19:00. Laskorain Ikastolak antolatutako merkatu txikia, kultur etxean.
- Abenduak 24, asteazkena.
- 10:30-13:30. Olentzero eta Mari Domingi Gure Zirkuaren karpan egongo dira.
- 11:30. Ikastetxeetako haurrek gabon kantak abestuko dituzte Plaza Zaharrean. Herriko taldeak arratsaldean ariko dira kalez kale.
- 12:00. Udal musika bandaren Gabonetako kontzertua, Zerkausian.
- 18:00. Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, Plaza Zaharretik abiatuta.
- 19:30. Udal musika bandaren kalejira, Gorriti plazatik hasita.
- Abenduak 26, ostirala.
- 10:00-15:30. Gazte Topagunearen Gazte Astearen barruan, Donostiako Txuri-Urdin izotz jauregira irteera.
- 20:30. Shado magoaren Cleptomago ikuskizuna, Leidorren.
- Abenduaren 26tik urtarrilaren 11ra.
- Eguerdian eta arratsaldean. Gure zirkuaren emanaldiak San Esteban auzoko karpan. Sarrerak: Gurezirkua.eus.
- Abenduak 27, larunbata.
- 17:00-20:00. Gazte Topagunearen Gazte Astearen barruan, xake eta dama txapelketak, topagunean.
- 19:00. Frontera filma, Leidorren (helduentzat).
- 21:30. Golpes filma, Leidorren (helduentzat).
- Abenduak 28, igandea.
- 17:00-20:00. Gazte Topagunearen Gazte Astearen barruan, Urte amaiera festa, topagunean.
- 17:00. Mision Santa filma, Leidorren (haurrentzat).
- 19:00. Golpes filma, Leidorren (helduentzat).
- Abenduak 28, 29 eta 30.
- 11:00-14:00 eta 16:00-20:00. Gabonetako haur parkea, Zerkausian.
- Abenduak 29, astelehena.
- 19:00. Maria Martin eta German Ormazabalen kontzertua, Topic-en.
- 19:00. Frontera filma, Leidorren (helduentzat).
- Abenduak 30, asteartea.
- 11:00-12:30. Ilustrazio zientifikoko ikastaroa, haur liburutegian, 7 eta 10 urte bitarteko haurrentzat.
- 18:00. Hau da dena antzezlana, Topic-en.
- 19:00. Euskal Herriko Gazte Orkestraren kontzertua, Leidorren.
- Abenduak 31, asteazkena.
- 15:30 (haurrak) eta 16:30 (helduak). Samaniego eta Orixe ikastetxeek antolatuta, elkartasun krosa.
- 19:30. Udal musika bandaren urte zaharreko kalejira, Gorriti plazatik abiatuta.
- Urtarrilak 2, ostirala.
- 16:30-19:30. Gazte Topagunearen Gazte Astearen barruan, sendabelar ikastaroa, topagunean.
- 20:30. Blue Sun Palace filma, Leidorren (helduentzat).
- Urtarrilak 3, larunbata.
- 17:00-20:00. Gazte Topagunearen Gazte Astearen barruan, estanpazio ikastaroa (tote bag-ak, estutxeak eta motxilak), topagunean.
- 19:00. Eñaut Elorrietaren eta Alos Quartet taldearen Ahots kordak kontzertua, Leidorren.
- Urtarrilak 4, igandea.
- 17:00. Gazte Topagunearen Gazte Astearen barruan, pelikula baten proiekzioa, topagunean.
- 17:00. Super Elfkinak filma, Leidorren (haurrentzat).
- 19:00. Anaconda filma, Leidorren (helduentzat).
- Urtarrilak 5, astelehena.
- 10:30-13:30. Errege magoen harrera Gure Zirkuaren karpan.
- 12:00-14:00. Jaiotza lehiaketako lanak ikusgai, karpan.
- 17:15. Binakako pilota txapelketetako partidak, Beotibar pilotalekuan.
- 18:00. Errege magoen desfilea, Plaza Zaharretik hasita.
- Urtarrilak 6, asteartea.
- 12:30. Udal txistulari bandaren eta udal musika bandaren Errege Eguneko kontzertua, musika eskolan.
- 19:00. Anaconda filma, Leidorren (helduentzat).
- Urtarrilak 8, osteguna.
- 20:30. Extraño rio filma, Leidorren (helduentzat).
- Urtarrilak 12ra arte.
- 11:00-21:00. Gabonetako karrusela, Trianguloa plazan.