Tolosako udal gobernuak (EH Bildu) 2026ko aurrekontuetarako proposamena aurkeztu du; 42,733.800 milioi euro, iazkoa baino 3 milioi euro handiagoa. Udalaren ohiko funtzionamendurako diru-partidez gain, udal gobernuaren estrategiari lerrokatuta dauden egitasmoekin eta herritarren eta oposizioaren ekarpenekin osatu da, eta biharko abenduko osoko bilkuran onartuko dute behin betiko proposamena.
Tolosako Udalaren aurrekontua, oro har, «nahiko egonkortua» dagoela esan du Andu Martinez de Rituerto alkateak, «eta orokortasun batean, bere horretan mantentzen direla politika sozialetara bideratutako partidak edo zerbitzuei dagozkienak. Aurrekontu honen helburu nagusiak herri kohesionatuagoa eta jasangarriagoa bultzatzea eta bizitzeko atseginagoa egiten dira. Tolosarentzat garrantzitsuak diren zenbait proiektu ditugu aurten eskuartean, eta horiek egikaritu nahiko genituzke datorren urtean».
Gastuak eta sarrerak orekatuta daudela gaineratu du Ander Figuerido hirigintza zinegotziak, eta 875.400 euroko aurrezki garbia aurreikusi da. Horietatik 7 milioi inbertsiotarako erabiltzea proposatu du, proiektu nagusiak gauzatzeko; igoera handienetakoa izan duen diru-partida da.
Tamaina handiko bi obra egitea aurreikusten du udal gobernuak; «hortik gorakada», esan du. Batetik, guztiz eraberrituko du Trianguloa plaza. Exekuzio-proiektua dagoeneko amaituta dago, eta aurki aurkeztuko dute jendaurrean. 1,7 milioi euro gorde dituzte lanak abiatzeko. Dena den, obraren hasiera baldintzatua dago, aurrez zorupeko garajeen jabeekin lurra berritzeko hitzarmena egin beharko baitu udalak.
Beste lan nagusia Iurre auzoko 1etik 13ra bitarteko zenbakietako plazen obra da. Ondo bidean obrak uda ondoren hastea aurreikusten du udalak, eta aurreratu du urte eta erdiko iraupena izango dutela gutxi gorabehera. Hortaz, lanei ekiteko 1,5 milioi euro bideratu ditu 2026ko aurrekontura, nahiz eta proiektuaren inbertsio totala 6 milioi euro ingurukoa izango den —horietatik milioi bat euro auzotarren ekarpena da—. Udala auzoko bizilagunen ekarpenak txertatzen ari dira exekuzio proiektuan, eta gero abiatuko du obren lizitazioa. Kasu honetan ere bizilagunekin hitzarmena egin beharko du.
Bada beste obra garrantzitsu bat, 2026an ekitea aurreikusten dena asfaltatze plana da. Beste 500.000 euro gorde dira, lan gehiago egiteko. Gehienbat asfaltatze lanak izango badira ere, irisgarritasuna hobetu eta urbanizazio lanak egitea aurreikusten dute. Aurtengo plana Gabonen ostean gauzatuko da. Kontratua sinatu berri da, eta lan guztien xehetasunak aurrerago emango dituzte.
Badira bestelako lan batzuk: AuzoEkin proiektuaren barruan eta herriko eremu ezberdinetan lehenesten diren lanak gauzatzeko milioi erdia bideratuko da. Dagoeneko diagnostikoa egina, Ekintza Plana osatuta eta lehentasunak auzokideekin finkatuta dituzte. Une honetan, teknikoki eta juridikoki proiektu zehatzak aukeratzen eta aztertzen ari direla jakinarazi du zinegotziak, eta aurrerago emango dutela horren berri.
Herriguneko tren geltokiaren -apeaderoa- obra dute beste inbertsio garrantzitsu bat. Hau, ordea, ez dago udalaren esku, Adifen esku baizik. Azken honek udalari helarazi dio lanak datorren urtean hasiko direla. Obraren inbertsio nagusia Adifek berak egingo badu ere, obra berean Montezkue auzorako sarbidea berritzea eta igogailua jartzea aurreikusten da, eta hori udalak hartuko du bere gain. Adifi diru-ekarpen hori egiteko 330.000 euroko partida txertatu dute aurrekontuan. Hau ere obra luzea da, eta aurrerago beste horrenbesteko diru-ekarpena egin beharko du udalak.
PROIEKTUEN IDAZKETAK ETA BESTELAKOAK
Obra proiektuen idazketak ere aurreikusi ditu udal gobernuak, hala nola, Geltoki plaza berritzeko eta lur azpiko aparkalekua eraikitzeko proiektua idazteko 90.000 euro, Araba etorbideko plazak eraberritzeko proiektua eguneratzeko 18.000 euro, eta Amarotz auzoko 1 eta 8 zenbakietako urbanizazio lanak egiteko 25.000 euro bideratuko dira. Berazubi estadioa berritzeko hirugarren fasearen proiektua idazteko 125.000 euro izango dira, eta aurrerago emango dituzte xehetasunak. Azkenik, Samaniego ikastetxeko Ikaslab 2.0 proiektuaren idazketarako 20.000 euro bideratuko dira. Orixeko ikasleak zeuden lau gelak elkartzeko asmoa dutela jakinarazi du zinegotziak, «espazioa behar eta hezkuntza eredu berrietara egokitzeko».
Horrez gainera, Iurreamendin Osasun Sailak eraiki asmo duen osasun zentrorako bi lur sail eskuratu behar direla jakinarazi du zinegotziak, eta horretarako, 50.000 euro gorde dira. Arramelen komun publikoa egiteko 100.000 euro bideratuko dira, eta hirigunean dauden auzokonpostgailuetan egokitzapenak egin eta baratze parkeko konpostagune berriak egiteko 10.000 euro bideratu dira.
Badira bestelako inbertsio batzuk, hala nola, Berazubiko padel instalazioak berritzeko 100.000 euro bideratuko dira, baina Usabal kiroldegian ere aurreikusten dira inbertsioak, besteak beste, solariumeko zorua berritzeko 150.000 euro gorde dira eta gimnasioko ekipamendua berritzeko beste 50.000 euro. Zerkausiko eraikinari ere zaharberritze lanak egingo zaizkio, besteak beste, helduleku eta ateak konponduko dira, margoketa lanak egingo dira, xaflen aldaketak eta goiko terraza herritarren eskura irekiko da. Leidor aretoan LED argiak jartzeko 40.000 euro bideratuko dira, eta Belena patioan bizikletak aparkatzeko azpiegiturak berritzeko eta plaza gehiago sortzeko lanetarako 50.000 euro bideratuko dira.
GASTU ARRUNTAK
Eguneroko eragiketara eta zerbitzuetara bideratzen den gastu arruntaren inguruan aritu da Estitxu Kortejarena Kontu Hartzailetza eta Diruzaintza zinegotzia. Oinarrizko zerbitzuetarako gastu arrunta 35,2 milioi eurokoa da; aurrekontuaren gastu handienetako da, eta iaz baino % 5a altuagoa da. Gastu arrunta hiru taldetan banatu dute.
Batetik, langileriaren gastua dago eta aurrekontu osoaren % 31 suposatuko du, 13,3 milioi euro guztira. Lanpostuen zerrendako langileez gain, atzeraezinak diren beharrei aurre egiteko hiru lanpostu hornituko dira, eta beste zazpi programa bidez. Urtero moduan, urtebeterako sei gazte kontratatzeko deialdia ere egingo da. Ezagutzaren transmisiorako programa bat egiteko 50.000 euro gorde dira, baita lanpostuen balorazioen berrikuspenarekin jarraitzeko 30.000 euro ere.
Ondasun arruntak eta zerbitzuei dagokienez, aurrekontuaren % 40a suposatuko du —ia 17 milioi— eta, kontratuen aldaketa tarteko, %6,6 igo da iazkoarekin alderatuta. Besteak beste, etxez etxeko laguntza zerbitzua indartzeko, udaleku irekietan behar bereziak dituzten haurrentzako edo TAO zerbitzu berriarentzako egin dira igoera esanguratsuenak.
Azkenik, transferentzia arruntak eta diru laguntzak emango dira eta horrek gastuaren % 11 suposatuko du, hau da, 4,9 milioi euro. Mankomunitateei egiten zaizkien ekarpenak dira nabarmenenak, nagusiena zaborren kudeaketarako 2,3 milioi bideratuko dira. Diru laguntzetan zenbait igoera ere aplikatu dira, esate baterako, Tolosako Ekinbide Etxeari edo Tolofolk jaialdiari. Lerro berriak ere badira, Aranzadi edo Emmoarentzat, besteak beste. Bonu kanpainak ere aurreikusi dira, komertzio txikirako eta Azokarako. Kultur beka bat ere sortuko da, 6.000 eurokoa, sortzaileentzat.