Sahararen aldeko elkartasuna zabaltzen ari da urtez urte, eta eskualdean horretan eragin duen elkartea Tolosaldea Sahararekin da. Aurten, 25 urte bete ditu saharar herriaren alde lanean. Urtean zehar hainbat egitasmo antolatzen ditu, eta aurtengo urtea amaitzeko eta datorrena hasteko material bilketa antolatu du. Dagoeneko martxan da eta urtarrilaren 31era arte materiala biltzen ariko dira elkartekideak.
Ohiko moduan, elikagaiak, higiene produktuak –konpresak eta pardelak– eta eskolako materiala bilduko dituzte. Elikagaietan bildu nahi dituzten produktuen zerrenda zehaztu du Elixabet Eizagirre elkartekideak: «Lekaleak, arroza, pasta eta atuna eta sardinak latan biltzen ditugu normalean, baina eskatu nahiko nuke lekaleak potetan ez ekartzeko mesedez, bidaia luzea da eta pote horiek hara eramatea arriskutsua izan daiteke, eta beraz, lekale gordinak izan behar dute».
Eskualdeko ikastetxe, udaletxe eta kultur etxeetan jarriko dituzte bilketa txokoak. Hala, herritarrek puntu horietan utzi ahalko dute materiala. Hala ere, urtarrilaren 31 goizean eskualdeko supermerkatuetan ere ariko dira materiala biltzen. Supermerkatu handietan egoteko asmoa dutela esan du Eizagirrek, «baina hori boluntario kopuruaren arabera erabakiko da». Izan ere, boluntarioak behar dituzte horretarako, eta laguntzeko prest dauden herritarrak animatu dituzte larunbat goiz horretan txanda egitera.
Bestetik, Tolosako Udalak urtero antolatzen duen Gabonetako azoka berezian ere izango da Tolosaldea Sahararekin elkartea. Larunbat honetan jarriko dute postua, eta elkartearen produktuak erosteko aukera izango da, 10:00etatik 14:00etara.
KANPAINA BERRIA
Bestalde, beste urte batez, Oporrak bakean programa abiatu dute Oporrak Bakean lantaldeko kideek, elkarte desberdinetako kideek eta harrera familiek eta saharar haurren familiek. Tindufeko [Aljeria] kanpalekuetako haur sahararrek Euskal Herrian uda igarotzea du xede ekimenak. Urtarrilaren 15era bitarte izango da deialdia zabalik.
Saharako errefuxiatuen kanpalekuetan bertan eman diote hasiera kanpainari. Sustatzaileek gogorarazi dute ia 200.000 pertsona bizi direla kanpalekuetan, eta 50 urte igaro direla Mendebaldeko Sahara okupatu zutenetik. Hori dela eta, 50 urtez gure ateak zabalik eta esperantzari eutsiz leloa hartuta jarri dute kanpaina martxan, eta adierazi dute programan parte hartzea oso lagungarri zaiela adin txikiko sahararrei nahiz beren familiei. Baita harrera familiei ere: «Gu geu ere aberastu egiten gaitu. Elkartasun keinu honetan guztiok ateratzen gara desberdin; gugandik asko ikasten duten arren, guk eurengandik ikasten duguna asko izaten da».
Esperantza aipatu dute beste behin ere: «Ekimena egingo dugun azken uda izango denaren esperantza, Mendebaldeko Saharara aurki bueltatuko diren esperantza, herri oso baten esperantza ekarriko dute gurera bakearen enbaxadoreek, haur sahararrek, alegia». Elkartasun ariketa komunitario horretan parte hartzeko deia luzatu dute, erakunde eta eragile asko bidelagun izan arren, «ariketa kolektiboa» dela uste baitute. Bide batez, 50 urteetan sahararrek bizi izan dutena ez ahazteko deia egin diete euskal herritarrei desertutik bertatik.