Foru Aldundiak 55.000 eurorekin finantzatuko du Tolosako Hiribusa

Ataria 2025eko abenduaren 17a

Andu Martinez de Rituerto eta Azahara Domínguez hitzarmena sinatzen. Iturria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Sailak eta Tolosako Udalak hitzarmena sinatu dute herriko autobus zerbitzua hobetzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Sailak eta Tolosako Udalak lankidetza hitzarmena sinatu dute Hiribusaren zerbitzua hobetzeko. Aldundiak 55.000 euro bideratuko ditu helburua lortzeko. 

Azahara Domínguez sailburuak esan du hitzarmenaren helburua dela «udalerrian kapilaritatea garatzeko eta hobetzeko aukerak dituen hiri garraio publikoa bultzatzea, herrien arteko lotura, eta irisgarritasun unibertsala sustatzeko». Diru laguntza herriko hiri autobusaren zerbitzuaren «eraginkortasuna eta efizientzia hobetzeko jarduerak» finantzatzeko erabiliko dute, «garraio horren defizitari, kudeaketa operazionalari eta udalerrian mugikortasun iraunkorra garatzeko ekintza eta programei aurre egiteko, Garapen Iraunkorreko Helburuen esparruan».

Horiek horrela, Hiribusaren ibilbidea eta maiztasuna hobetzea lehenetsiko dutela esan du sailburuak. «Badakigu udalek zailtasunak dituztela kalitatezko hiri garraio publikoaren zerbitzua eskaintzeko, horregatik, eta jakin badakigulako garraio publikoa tresna indartsua dela pertsona guztien aukera berdintasuna bermatzeko, laguntza ekonomikoa ematen diegu hobekuntzak ezartzen jarrai dezaten, eta horrela, gero eta pertsona gehiagok eman dezaten garraio publikoa joan-etorrietarako erabiltzeko urratsa».

Sailburuak gehitu du 2026ko aurrekontuaren proiektuan zuzeneko laguntzak aurreikusi dituztela udalerrientzat, hiri autobusen balidatzaileak berritzeko, kreditu-txartelarekin ordaintzeko, MUGI birtuala martxan jartzeko, eta Bat eta Barik txartelen elkarreragingarritasunerako ezinbesteko urratsa emateko.

Tolosako Udala

Tolosako alkate Andu Martinez de Rituertok Hiribus zerbitzua ematea «esfortzu handia» dela esan du: «Azken bost urteotan, 335.000 euro inbertitu ditu udalak, urtean zerbitzu hori eman ahal izateko. Zentzu horretan, laguntza oro garrantzitsua da». Horrez gain, zerbitzuak izango dituen aldaketak ere nabarmendu ditu:  «Hilabeteak eman ditugu lanean zerbitzua hobetzeko eta biztanle gehiagorengana iristeko asmoz. Autobuseko gidarien gomendioak jarraitu eta erabiltzaileen eskaerak aztertuta, eta eskaera guztien artean ahalik eta orekarik handiena bermatzen saiatuz, ibilbide berria diseinatu dugu. Hura frogatu eta hobekuntzak txertatu dizkiogu. Abenduko osoko bilkuran emango diogu behin betiko onarpena, eta aurki jarriko da martxan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!