Gabonen atarian, Tolosa&Co elkarteak urteko kanpaina bereziena jarri du abian: Urrezko Goxokia. Ekimen honek Tolosako komertzio txikia biziberritzea eta tokiko erosketak sustatzea du helburu, eta aurten ere milaka goxoki banatuko dira herriko dendetan egindako erosketen truke. Kanpainarekin hasiak dira dagoeneko, eta urtarrilaren 5era arte egongo da martxan. Honela, Tolosa&Co elkartekide diren establezimenduetan erosketa bat egiten duten bezeroek goxokiak jasoko dituzte opari gisa.
Goxoki horietako batzuk sariak izango dituzte, eta guztira 10.000 euro banatuko dira saritan. Hain justu, 500 sari baino gehiago emango dira honako banaketarekin: 1.000 euroko sari bat, 500 euroko bi sari, 200 euroko lau sari, 20 euroko 180 sari eta 10 euroko 360 sari banatuko dira.
Sari hauek guztiak Tolosa&Co elkarteko establezimenduetan trukatu daitezkeela azaldu dute elkartetik, «herriko merkataritza-sarean zuzeneko eragin positiboa sortuz eta dirua herrian geratzen dela bermatuz».
Saria lortzen dutenek Tolosa&Co elkartearen egoitzan –Pedro de Tolosa pasealekua, 2– aurkeztu beharko dute. Sariak bertan aurkezteko azken eguna urtarrilaren 12a izango da, eta hortik aurrera ezingo da oparirik erreklamatu. Sariak ezingo dira balio ekonomikoagatik trukatu, eta goxoki saridunak egoera onean aurkeztu beharko direla zehaztu dute elkartetik. Tolosa&Co elkarteak aurkeztutako sarien benetakotasuna egiaztatzeko eskubidea izango du.
GABONETAKO AZOKA, LARUNBATEAN
Tolosako Udalak antolatzen duen Gabonetako azoka bereziaren harira, larunbatean, Tolosa&Co elkartekoko hainbat establezimenduk horrekin bat egin eta beren produktu eta eskaintzak kalera aterako dituzte. Guztira, elkarteko kide diren 30 komertziok parte hartuko dute.