Gehigarria: Gabonak

Euskal kultura soinean

Ataria 2025eko abenduaren 23a

Aurtengo neguko bildumarako sortutako diseinuak.

Andia markako neguko denboraldiko bilduman, Euskal kulturarekin lotutako elementuekin egindako diseinuak topatu daitezke. «Kultura da gakoa herri bizia izateko» esaldia ageri da diseinu guztietan.

Euren dendetan saltzeko berezko zerbaiten beharrak bultzatuta, duela lau urte sortu zuten Andia Kimetzeko arduradunek. Euskal kulturarekin lotura handia izango zuen zerbait nahi zuten, eta egin zituzten lehen kamiseta eta jertseetan Tolosako elementu bereizgarrienak irudikatu zituzten.

Horien artean zeuden, Zerkausia eta Andia dorretxea irudikatzen zituztenak eta Tolosa Gipuzkoako hiriburu izan zela gogoratzen zuena. «Herriko elementu horiei nolabaiteko omenaldia egin nahi izan zaie modu horretan, eta horrek, era berean, Andiaren nortasuna ezarri zuen», azaldu du Juanjo Ruiz Kimetzeko arduradunetako batek.

Gaur egun, Tolosako txoko nabarmenekin diseinuak egiten jarraitzen dute, baina ikuspegia zabaldu egin dute. Izan ere, Euskal Herriko kulturarekin lotutako elementuekin egiten dute jolas, diseinu berriak sortzerakoan. Aurtengo neguko bildumarako erabili duten esaldiak argi uzten du kulturak eurentzat eta Andiarentzat duen lekua: «Kultura da gakoa herri bizia izateko». Jantzi guztietan ageri da esaldi hori.

Aurtengo neguko bildumarako sortutako diseinuak. 

Kolaboratzaileak ere izaten dituzte, eta azken bildumarako bi izan dituzte. Batetik, Gotzon Huegun eskultore lasartearra. «Gotzon bera jarri zen harremanetan gurekin. Laminak egiten hasi zen, eta horiek kamisetetan ikusi nahi zituen. Horrela hasi zen bion arteko elkarlana», kontatu du Ruizek. Artistaren eskultura batean oinarritutako Norabide guztiak izenekoa da elkarlan horren fruituetako bat.

Argilunak izenekoa ere beste adibide bat da, eta kasu horretan, Huegunen parte-hartzeaz gain, Komorebi produkzioak ere izan dute bidelagun. Tolosarekin badu lotura diseinu horrek; izan ere, Komorebik sortutako ikuskizuna bertan estreinatu zen joan den ekainean.

Kolaborazio horiez gain, azken bilduman Andiak berak sortutako lau diseinu berri ageri dira: «Euskal Herrian amona esateko hamaika modu daude, eta hori islatzen du diseinu batek. Jendeari asko gustatzen ari zaio. Gero, Harrineska izenekoa dago, ‘Kultura da gakoa herri bizia izateko' esaldia duena, eta euskal tipografian oinarritutako A ugariz osatutakoa».

Nabarmentzekoa da jantzi guztiek txarteltxo bat dutela, non diseinuaren esanahia azaltzen den.

Kamisetaz eta jertseaz gain, Andia etxearekin galtzerdiak, txapelak eta telazko poltsak ere egiten dituzte, eta horietan ere azken diseinuak sartzen dituzte. Eta, bada, beraiek sortu duten beste produktu bat ere: Kimetz aire-freskagarria. «Te berde usaina du, guk dendetarako erabiltzen dugu, eta baita oparitarako paperean ere. Oso harrera ona izaten ari da».

Andia markako produktuak Tolosako dendan eta webgunean saltzen dituzte. Berriki, Tolosako dendari beste euskarri fisiko bat gehitu zaio: Iruñeko Karrikiri. «Euskararekin oso lotuta dago, eta saltzen duten guztia euskarazkoa da. Bada, gurekin harremanetan jarri ziren, eta orain bertan ere badaude Andiako produktuak».

Tolosako Alde Zaharrean hiru denda ditu Kimetzek. Kale Nagusiko 8an mutilentzako arropa dute; kale bereko 21-23an neskentzako arropa, eta Korreo kaleko 35ean neska eta mutilentzako arropa. Azken honetan daude Andiako jantziak eta osagaiak.

Horiez gain, Kale Nagusiko 26. zenbakian laugarren lokala ere badute. Biltegi nahiz erakusleiho gisa erabiltzen dute, eta tarteka ikastaroak antolatzen dituzte. Esaterako, bi hilabetez behin edo, estilista bat etortzen da.


Harro egoteko modukoa

Herrian egonkortuta dago Kimetz. Ez alferrik, 31 urte daramatzate Tolosako, eskualdeko nahiz eskualdez kanpoko herritarrak janzten.

Andiak ez du hainbesteko ibilbidea, baina ari da bere bidea egiten. «Oso harrera ona izan du. Tolosan paseoan jendea Andiaren arroparekin ikusteak poz handia ematen digu. Baina, ez da Tolosara mugatzen. Izan ere, Internet bidez Euskal Herri osotik erosten dute, batik bat Bizkaitik eta Nafarroatik».

Kimetzeko arduradunek diote harro egoteko modukoa dela hori: «euskara eta euskal kultura zabaldu nahi dugu, eta gure arropa kalean ikusteak esan nahi du gure mezua zabaltzen ari dela». Horrek gauza berriak sortzen jarraitzeko indarra ematen die.

Horren erakusle da dagoeneko prest dituztela otsailean merkaturatuko dituzten lau diseinu berri. Euskal Herriko kulturarekin lotutakoak izango direla aurreratu du Ruizek.

  • Dendak. 
    - Kale Nagusia 8: Mutilentzako arropa.
    - Kale Nagusia 21-23: Neskentzako arropa.
    - Korreo kalea 35: Mutilentzat eta neskentzat arropa. Andiako produktuak.
    - Kale Nagusia 26: Biltegia, erakusleihoa eta ikastaroetarako gunea.
  • Webguneak. kimetz.eu eta andiandia.eus.
  • Instagram. kimetz.eu eta andia.arropa.
  • E-posta. kimetz@kimetz.eu.
  • Telefono zenbakiak. 943 571 840/ 943 673 862 /943 094 849.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!