Gehigarria: Gabonak

Oihanartean: grabatuak eta artelanak

Ataria 2025eko abenduaren 22a

Tolosako Plaza Zaharreko dendan saltzen ditu Ugartek artelanak.

Iaz zabaldu zuen Oihana Ugartek lokala Tolosako Plaza Zaharrean. Ikasturtean zehar Gipuzkoa osoan zehar ibiltzen da grabatu ikastaroak eskaintzen, eta asteburuetan, ostiraletan eta larunbatetan zabaltzen du denda. Eguberrietan, ordea, astelehenetik larunbatera irekiko du, ikasturteko Gabonetako etenaldia aprobetxatuta.

Aspaldiko diziplina da grabatua, eta teknika asko landu izan ditu Ugartek: hasi txinatarrek V. mendean sortzen zituzten egur gaineko xilografietatik, Erdi Aroan garatutako kobre gaineko akuaforteetaraino. Azken teknika hori Debako Arte Eskolan ikasi zuen. Herriz herriko jabetze eskoletan, nagusiki, linoleum materialaren gaineko xilografia erakusten die parte hartzaileei.

Gertuko paisaiak grabatuetan

Tolosako Alde Zaharreko dendan berak egindako artelanak ditu ikusgai eta salgai, urteotan sortutakoak denak. Askotariko motiboak topatuko ditu erosleak grabatuetan: aurpegiak, naturako elementuak edota espazioak irudikatzen dira horietan.

Tolosako hainbat estanpa tipiko biltzen dituzten lanak ere badituzte Oihanartean-en: Izaskun auzoko Sputnik etxeen –akuaforteak– eta Zerkausiaren –linoleumak– inguruko serieak, adibidez. Lan horietatik eratorritako hozkailuetarako itsasgarriak ere prestatu ditu Ugartek, eta, oraingoz, ilusio handiz hartu dituzte herritarrek; bertakoek eta baita kanpoan bizi eta oroigarri bezala eraman nahi duten tolosarrek ere.

Artisau eran egindako papera erabiltzen du Ugartek artelanetarako, eta marko eta guzti saltzen ditu. Gehienak zuri-beltzean egindakoak dira, baina baditu koloreztatutakoak ere.

Gabonetarako opari aproposak topatuko ditu bisitariak dendan, baina horrekin batera, grabatu bakoitzaren atzean dagoen sormen prozesuaren inguruko azalpenak ere jasoko ditu Ugarteren ahotik; erreprodukzio digitaletara ohituta gauden garaiotan, bakanak diren artelan hauen balioa deskubrituko du Oihanartean-en.

  • Helbidea. Plaza Zaharra 10 (Tolosa).
  • Telefono zenbakia. 649 645 897.
  • Ordutegia. Astelehenetik ostiralera 10:30-13:00 eta 17:00-20:00. Larunbatetan 10:00-13:30.
  • Instagram. @oihanartean

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!