Ahal dugun neurrian, sasoian sasoikoa kontsumitzen dugu, edo, behintzat, saiatzen gara. Ardoa urte osoan kontsumitu badaiteke ere, udazkena eta negua izaten dira horretarako sasoi aproposenak. Gabonetan, ardo zuri, beltz edo gorri, cava nahiz xanpain botilak egoten dira otordu berezi guztietako mahaietan.
Hori ondo dakite Tolosako Belate auzoan dagoen Ardoteka Tolosako Garazi Artetxek eta Maider Lopezek; ardoen erreferentziazko saltokia dute haiek. Egun seinalatuen atarian, bezeroen kopurua goraka doala nabaritu dute. Izan ere, inguruan ditugun supermerkatuetan topatu ezin ditzakegun kalitate goreneko ardoak eta edariak dituzte bertan; zenbait jaki ere badituzte, guztiak ere bertakoak, eskualdeko ekoizleenak nahiz Euskal Herrikoenak. Barazkiak eta itsasoko produktuak kontserban, esnekiak, txerrikiak, eztia edo olioa saltzen dituzte. Saltokiko produktuen artean aurki daitezke, besteak beste, Tolosako babarrunak, Ibarrako langostinoak, Errebelde sagardoak, Orexako gaztak edo Balerdipeko Erleak etxearen uzta.
Horiek horrela, Gabonetarako, ardoekin eta jakinekin sortak prestatzea eskatu diete zenbait bezerok. Urrian, esaterako, Donostian egindako kongresu baterako 475 sorta prestatu zituzten, produktu hauekin: ardoa, gazta, Añanako gatza eta zenbait gutizia. Egunotan askotariko sortak egiten ari dira upategiekin elkarlanean, batez ere enpresetarako eta herriko elkarte gastronomikoetarako. Herritar orok du aukera saltokira joan eta sortak nahi eran eskatzeko; bezeroen beharretara eta aurrekontura moldatzen dira bertan. Eta sortak etxera eramatea errazteko, zumitzezko saskietan edo kartoizko kaxetan biltzen dituzte edariak eta jakiak.
- Helbidea. Belate pasealekua 1 bis, behea (Tolosa).
- Ordutegia. Asteartetik ostiralera 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan 09:30etik 13:30era.
- Telefono zenbakia. 943 506 638.
- Instagram. @ardot3ka_tolosa
