Arribillaga eta Oliden aurrera elite mailan

Ataria 2025eko abenduaren 16a

XII. Migel Soroa Oroimenezkoa CMO Valves pilota txapelketaren bigarren jardunaldia jokatu zen igandean Beotibar pilotalekuan, eta B multzoko hiru partida jokatu ziren.

Promesa mailan, Aldaz (Buruzgain) eta Beroz (Gazteleku) bikoteak 8-18 irabazi zion Olaitzek (Oiarpe) eta Segurola asteasuarrak (Gaztekeku) osatutako bikoteari. Guztira 305 pilotakada eman zituzten. Olaitzek eta Segurolak lehen zati oso ona egin zuten, 8-4 aurretik jarri arte; ondoren bigarren zati oso txarra egin zuten eta esan daiteke partida oparitu egin zutela. Aldaz eta Beroz oso ondo aritu ziren.

 Lehen mailako partidan Ramirez (Kurene) eta Garaño (Larraun) bikoak 22-19 irabazi zioten Beitia (Joko Alai) eta Canseco (Titin III) bikoari. Guztira 372 pilotakada jo zituzten. Neurketa parekatua izan zen markagailuan, baina tarteka kalitatea falta izan zen. Bi aurrelariei kosta egin zitzaien jokoan sartzea, eta ohi baino akats gehiago egin zituzten. Bestalde, nabaritu da bi atzelariak ez direla iritsi joko onarekin txapelketara.

Elite mailako partidan Arribillaga (Lagunak) eta Oliden (Lapke) bikoak 22-14 irabazi zioten Igoa (Irurtzun) eta Azpiroz (Irurtzun) bikoari. Guztira 634 pilotakada eman zituzten. Lau pilotariek partida polita jokatu zuten. Oso parekatua egon zen 16-14ra iritsi arte, eta hortik bukaerara Arribillagak dena asmatu zuen.

Datorren igandean jokatuko da Migel Soroaren Oroimenezkoaren hirugarren jardunaldia. Berriro A multzoko pilotariak ariko dira lehian. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!