Tolosako Hezkuntza Kontseiluak batzar irekia egingo du asteazkenean

Ataria 2025eko abenduaren 15a

Tolosako Hezkuntza Mahaiak kultur etxean egindako bilera bateko irudia.

Hezkuntzako politika orokorrak aztertzeko saioa izango da, 18:00etan, kultur etxeko lehen solairuan; 2025eko jardunaren berri emango dute, eta 2026rako erronkak aurkeztuko dituzte.

Tolosako Hezkuntza Kontseiluak 2024ko urrian hasi zuen bidea. Hezkuntza-arloko eragileen arteko elkarlana bideratzeko foroa da. Bi organotan egituratuta dago. Batetik, hilero elkartzen den Batzorde Iraunkorra. Kide hauek osatzen dute: oinarrizko hezkuntzako ikastetxeak (Samaniego, Orixe, Herrikide eta Laskorain), udaleko talde politikoak eta udal-teknikariak. Batzorde iraunkor horren eskutik, elkarlanerako hainbat jarduera bideratu dituzte ikastetxeen artean. Bestetik, Kontseiluaren Osoko Bilkura dago. Hezkuntzako eragile guztiek parte hartu dezakete, baita edozein herritarrek ere, bilkurak irekiak baitira.

Hain justu, bilera ireki horietako bat egingo dute asteazkenean, abenduaren 17an 18:00etan izango da, kultur etxeko lehen solairuan. Helburua izango da 2025ean egindako jardunaren berri ematea, eta 2026rako erronka nagusiak aurkeztea. Bilera irekia denez, interesa duen herritar oro joan daiteke.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!