Hamarnaka pakete iristen zein ateratzen dira, egunero, Tolosako Kopibat papertegitik. Atea zabaldu eta berandu gabe iritsi dira lehen bezeroak gauzaren bat jasotzera, bidaltzera edo inprimatzera. Bertako langilea da Amalur Mendizabal (Anoeta, 1979) eta bezeroei jaramon egin bitartean erantzun ditu galderak inprimagailuen artean.
Noiztik egiten duzue lan paketeekin?
Lokal honetara mugitu ginenean, duela 25 urte hasi ginen Seur enpresako puntu bat izaten. Paketeak jaso eta hemendik bidaltzen genituen. Lehen, hala ere, oso desberdina zen. Bidalketak gehiago izaten ziren familiako senideen artean; enpresek ere bidaltzen zituzten paketeak... Baina duela 25 urteko paketeen bidalketak ez dauka zerikusirik gaur egungoarekin.
Gure rola ere aldatu egin da; egia esan, dena aldatu da. Orain beste funtzio bat daukagu. Dena erosten da online eta, azken boladan, batez ere itzulketak. Paketeak itzultzea... Ikaragarria ari da izaten. Zalando-ko paketeak hemen utz daitezke orain, eta itzulketa horiek... Ikaragarriak dira.
Zehazki zein da zuen egitekoa?
Lehen paketeak ekartzen zizkiguten; guk pisatu, neurtu... Eta Seur enpresari abisatzen genion nora bidali behar zen. Haiek tarifa esaten ziguten, bezeroak ordaintzen zigun, eta hurrengo egunean helmugan izaten zen paketea.
Orain, hemen ez da dirurik mugitzen. Bezeroak tiketarekin etorri behar du —eta hori jendeak, batzuetan, ez du ulertzen—. Zerbait bidali nahi baduzu, gaur egun, zuzenean Seur-eko web orrialdean sartu behar duzu eta zerorrek kudeatu; bukatutakoan QR kode bat bidaltzen dizute, eta hori erakutsi behar da hemen. Digitalki egiten da dena.
Pakete bakoitzeko komisio bat jasotzen duzue?
Hori da. Pakete bakoitzeko diru bat ematen digute, eta itzulketekin ere beste zenbateko bat izaten da.
Eta aldatu egin da garai batetik hona?
Asko aldatu da. Garai batean askoz handiagoa zen komisioa. Ezin da funtzionatu garai batean bezala, mugitzen duzun kopurua askoz handiagoa denean, baina... Horrela ezin da.
Banatzaileentzat onuragarria al da zuen zerbitzua?
Hori haiei galdetu beharko litzaieke. Banatzaileak eta banatzaileak egongo dira, eta egoerak eta egoerak. Hemen askotan aritu den banatzaile bat, adibidez, oso haserre zegoen. Urteak daramatza Seur-entzat lan egiten, eta hark esaten zuen: «Gu bion artean hilabetean 1.000 pakete mugitzen ditugu; eta ez dute konpentsatzen».
Hemen uzten dituenez gain hainbat pakete izaten ditu, eremu honetan banatzeko. Erreta zegoen, normala den bezala. Gure artean tirabirak sortzea ere erraza izaten da, baina beti da ondorio bera: ez dugu gure artean haserretu behar, hemendik etekina ateratzen dutenekin baizik.
Eguberrietan nabaritzen al duzue alderik?
Nabaritzen da, bai; eta baita black friday delakoa ere. Gainera, bata bestearekin elkartzen dira. Bolumenak gora egiten du, edo egingo du; pentsatzen dut baietz. Jendearen erosteko ohiturak ikusita... Daramagun erritmoarekin nozioa ere galdu egiten duzu azkenerako. Ikaragarria da, eromen hutsa da.
Dena dela, aldaketa gehiago nabaritu dut aukera kendu dutenetik Zalando-ko produktuak beste puntu batzuetan uzteko; eta Seur-en puntura mugitu dutenetik. Eskandalagarria da.
Beraz, izaten dute eragina.
Kontua da jendeak erosten dituela, propio, hiruzpalau pakete. Etxean probatzen ditu, eta hiru itzultzen ditu. Neronek ere erosten dut Interneten; ez da hori kontua. Baina batzuk egiten dutena... Intentzio osoarekin egiten dute. Bi edo hiru jantzi eskatu, probatu eta itzuli. Ez da gure irudipena, esan ere egiten digute.
Zenbaiten kasuan kezkagarri izaterainokoa da paketeen kopurua... Sinestezina da zein puntutaraino erosten duten dena Interneten. Zer pentsatua ematen du; benetan, beldurra ematen du.
Bezeroekin nolakoa da harremana?
Beti gogoratzen gara txarra denaz. Asko dira egoera ulertzen dutenak, kodea prest izaten dutenak... Baina arazoren bat izaten denean... Kontuz. Askotan etortzen da jendea bero-bero eginda, errua gurea izango balitz bezala. Azaltzen diezunean zein den egoera, batzuk ulertzen dute; beste batzuk ez. Denetik dago.
Kontzientzia falta handia dago. Eta, askotan, ezjakintasunetik ere izaten da; baina... Gero, gainera, esan behar da: Interneten erostea fede ariketa bat da. Ez dakizu nori ari zaren ordaintzen, produktua non dagoen... Horretaz fidatzen dira, eta gero mesfidantza izaten dute ondoko dendariarekin. Paketeak lapurtzea ere leporatu izan digute [barrez]. Ez sinestekoa da.
Gatazkak kudeatzea ere egokituko zaizue, beraz.
Jendea bere arazoa konpontzera etortzen da. Aurreko astean, black friday-arekin eta kokoteraino nengoen; eta argi esan nuen: erosketak online; bada, erreklamazioak ere online. Kontua da gure esku ez dela ia ezer egoten; eta laguntzen saiatzen gara, baina... Gain hartzen digu askotan.
Jendeak askotan ez du jakiten ezta paketea nondik datorkion ere. Zentzugabea da. Eromen zurrunbilo batean murgilduta gaude.
Kontzientziazio falta horregatik aipatu duzu?
Horregatik, eta jendea ez delako konturatzen sekulako prekarietatea dagoela. Prekarietateak, gainera, mailak ditu. Gu pribilegiatuak gara, zentzu horretan. Kontuan hartu egunero 50 bat bezero berri izango ditugula. Ez dira zuzenean gure bezero ere, baina zerbitzu bat eskaintzen dugu.
Banatzaileek, ordea, oso lan baldintza gogorrak izaten dituzte. Beste mundu bat da ia; eta jan egiten zaitu. Zurrunbilo bat sortu da, eta bezeroak ere harrapatuta daude hor. Sistemak behar du eta horixe bultzatzen du: etenik gabe funtzionatzea.