Mendea bete da aurten Ixaka Lopez-Mendizabal tolosarrak Xabiertxo liburua lehen aldiz argitaratu zuenetik. Haurrei bideratutako liburua da, eta eskoletan irakasteko material gisa erabili dute urte askotan zehar. Aurten hainbat ekitaldi antolatu dituzte nola argitalpena, hala egilearen sendia omentzeko, eta gaur izan da azkena. Orain arte hamaika aldiz berrargitaratu dute liburua eta, orain, hamabigarrena izango du.
Tolosako Zerkausia kaleko inprimategi zaharrean bildu dira Lopez-Mendizabalen senideak, zenbait herritar, Tolosako Udaleko zein Galtzaundi Tolosaldeko Euskaltzaleen Elkarteko ordezkariak eta edizio berria papereratzeko lanean aritu direnak.
Hamabigarren argitalpenari bi hitzatze gehitu dizkiote, eta horietako bat idatzi du Koldo Ordozgoiti kazetariak. Hain zuzen, berak kontatu du ekitaldian Xabiertxok zein bilakaera izan duen historian: «Liburu hau da pizkundearen emaitza. Euskara irakaskuntzara iritsi zen momentuan sortu zen, eta behar bati erantzuteko; ez da kasualitate bat». Eta zentzu berean gaineratu du liburuak historia islatzen duela: «Liburu honek esplikatzen du gure XX. mendeko historia eta adierazten du, baita ere, nola egin daitekeen aurrera elkartasunarekin, elkar lagunduz eta elkar hartuta».
Sendia, hunkituta
Omenaldian hitza hartu du Ixakaren Miren Lopez-Mendizabal ilobak ere, eta hunkituta aipatu du «asko ikasi» duela eta «oso eskertuta» dagoela: «Prozesuan gauza pila bat ikasi ditut Xabiertxori buruz. Hasieran etxean ez genion aparteko garrantzirik ematen, eta Koldok esplikatu ondoren sekulakoa dela konturatu naiz. Ikaragarria izan da».
Hari berari tiraka, eskerrak eman dizkie ondoan izan dituenei: «Oso eskertuta nago, haien laguntzarik gabe ez baitakit zertan geratuko zen; ez dakit indarrik izango nukeen halako gauza bat aurrera ateratzeko. Omenaldia hemen egitea oso hunkigarria izan da; nire aita zen Xabier, eta... Emozio asko etortzen zaizkizu gainera. Hemen bukatzea erabaki genuen eta poz handia ematen dit».
Hamabigarren argitaraldia 1545 argitaletxeak gauzatu du, eta bertako Xabi Salaberria arduradunak kontatu du «hasieratik argi» izan zutela lehen edizioaren berdina izan behar zuela: «Berezia izan da; eta ohore bat, egia esan. Euskaldun guztiak harro egoteko moduko liburua da». Salaberriak gaineratu du euskara hutsean egiten dutela lan: «Euskara eta euskal kultura transmititzea da helburua; oso lotuta hezkuntzarekin, pentsamenduarekin... Eta Xabiertxok oso ondo biltzen du hori dena. Gozatu egin dugu liburuarekin».
Lehenengo edizioak bezala, azal gorria du mendeurrenekoak ere, eta dagoeneko eskuratu dezakete interesa dutenek.