Tolosako II. Argazki Rallyko irabazleak ezagutzera eman dira

Ataria 2025eko abenduaren 12a

61 lagunek hartu dute parte, horietatik 19 emakumeak; 15 izan dira Tolosaldeko herritarrak eta gazte mailan bostek lehiatu dute. 

Tolosako II. Argazki Rallya arrakastaz ospatu da aurten ere, 61 parte-hartzaile bilduz. Sari banaketa Tolosako Kultur Etxeko areto nagusian egin da, eta ekitaldian Goiuri Ezeiza zinegotzia egon da, Tolosako Udala ordezkatuz. Bertan jakinarazi dira aurtengo irabazleak:

  • Lehen saria: Ruben Caceres

  • Bigarren saria: Gurutze Langarika

  • Hirugarren saria: Fernando Pradini

  • Bertako argazkilari onena: Ana Pradini

  • Gazte saria: Aritz Izagirre

Aurtengo rallyak bost gai izan ditu, ipuin klasikoetan oinarrituak eta parte-hartzaileei ikuspegi sortzaileak bilatzeko aukera eman dietenak:

A – Hiru txerritxoak (Eraikin zaharrak)
B – Txanogorritxo (Amona(k))
C – Edurnezuri eta zazpi ipotxak (Sagarra(k))
D – Erpurutxoa (Makroa)
E – Aladino (Merkatua)

Parte-hartzaileek argazkiak Tolosako udalerrian bertan atera behar izan dituzte, rallyaren araudia zorrotz betez: kontrol-argazkia, ediziorik eza eta formatu tekniko zehatzak.

Tolosaldeko Argazkilari Elkarteak eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei eta argazkigintzaren aldeko ekimena indartzen jarraituko duela adierazi du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!