Tolosako gimnastika lehen mailakoa da

Ataria 2025eko abenduaren 11

Tolosa CFko Gimnastikako junior taldekoak txapeldunorde izan dira absolutu mailako Espainiako Txapelketan, eta kluba Lehen Mailara igo da. Seniorrak hamalaugarren izan dira.

Espainiako Txapelketan lehiatu diren Tolosako gimnastika erritmikoko espedizioko bi taldeak izan dira aste honetako protagonista nagusiak: junior absolutuko taldea, Arene Amondarain, Ane Iraola, Haizea Aldasoro, Aroa Madina eta Uxue Morea gimnastekin, eta senior absolutuko taldea, Olaia Etxeberria, Ibai Lekue, Nahia Esnaola, Naroa Asenjo eta Irune Suarez gimnastekin. Bi taldeek lehen aldiz parte hartu dute kategoria absolutuan, eta «ilusioz, gogo biziz eta denboraldi osoan zehar egindako lan bikainak emandako konfiantzaz bidaiatu zuten Madrilgo WiZink Center handi eta zoragarrian lehiatzeko», esan du klubak. «Entrenamenduetako esfortzuari eta diziplinari esker, helburu nagusia argia zen: egindako lana erakustea, presiorik gabe baina maila goreneko agertoki batean, eta esperientziaz gozatzen jakitea». 

Junior taldekoek lorpen historikoa erdietsi dute. Espedizioko gazteenak izan arren, juniorrek bihotzak berotu zituzten lehen egunean bertan. Ostegunean ekin zioten txapelketari, eta karismaz eta konfiantzaz betetako ariketa paregabea egin zuten. Emaitza: lehen txandaren amaieran hirugarren postua. 

Ostiralean helburua bera zen oraindik: berriro ere ariketa sendoa egitea. Eta halaxe egin zuten. Lehen postuetatik ez ziren mugitu, eta Espainiako Txapelketako txapeldunorde izatea lortu zuten. Gainera, zortzi onenen artean sartuta, finalerako sailkatu ziren eta kategoria gorenera –Lehen Mailara– igo dira. Larunbatean, final handian, brontzezko domina gehitu zioten beren asteburu zirraragarriari. «Denboraldi apartaren isla izan da juniorrek egindako lana, eta baita klubeko historia markatzeko modukoa ere». 

Bere aldetik, senior taldeak, esperientzia eta segurtasuna oinarri, ikusgarri aritu zen lehiaren maila handian. Magiaz eta karismaz bete zuten tapiza, eta ostiraleko jardunaldian balorazio artistikoan bigarren puntuaziorik onena lortu zuten. Lehian 59 talde aritu ziren kategoriaren maila erakusten zuen setting batean, eta tolosarrak 14. postuan sailkatu ziren, finalean sartzetik oso gertu. 

Emaitza horren atzean, ordea, klubak nabarmendu du senior gimnastek eguneroko ikasketak, lanak eta kirola uztartzeko egiten duten ahaleginaren konpromisoa eta diziplina «eredugarria» dela. «Tapiza lehen aldiz zapaldu zuteneko ilusio berarekin jarraitzen dute lehiatzen, eta horrek egiten ditu benetan berezi». 

Harrotasun iturri 

Tolosako klubarentzat asteburua lorpen eta emozioz beterikoa izan da. «Diziplina, lanerako jarrera, ilusioa eta taldearen indarra nagusitu dira, eta emaitzek bideari merezitako ordaina eman diote». Talde hauen arrakastak klubeko neska-mutil txikienei amesten jarraitzeko erreferenteak eskaintzen dizkietela gaineratu du. «Era berean, teknikarien lan bikaina azpimarratzekoa da, denboraldi osoan zehar erakutsitako profesionaltasuna eta dedikazioa nabarmenak izan baitira». 

Bestalde, klubak eskerrak eman dizkie CMO Valves, Udarko Promo eta Garaje Tolosa laguntzaileei, «erakusten duten babesak proiektu honen hazkundean paper garrantzitsua» jokatzen baitu. «Tolosako gimnastika erritmikoaren etorkizuna oparoa dela erakutsi duen asteburua izan da, eta lortutako emaitzak motibazio bihurtuko dira datozen denboraldietan ere lanean jarraitzeko». 

Gabonetako emanaldia

Tolosa gimnastika taldekoek Gabonetako emanaldia egingo dute hilaren 16an 19:00etan Leidor antzokian. Sarrerak eskuragarri daude Tickets.kutxabank.es webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!