Norvegian zela egin dio Atariak elkarrizketa Imanol Rojo (Tolosa, 1990) iraupen eskiatzaileari. Suitzara bidean zihoan, asteburuan Munduko Kopako proba batean parte hartuko baitu Davosen.
Norvegian bi probatan lehiatu zara asteburuan Munduko Koparen barruan. 10 kilometroko proban 73. egin zenuen, eta 72. skiathloiko 20 kilometroko proban.
Nahiko desastre atera dira asteburuko probak. Fisikoki ez naiz gai izan dena emateko. Gainera, skiathloiko probaren klasiko eran egiten den zatian, eskiak ez ziren oso onak izan eta arazoak izan genituen hasieratik. Multzoa oso erraz galdu nuen hasieratik, eta oso zaila izan zitzaidan lasterketa on bat egitea. Hurrengo egunean, 10 kilometroko proba ez da ondoen egokitzen zaidan distantzia, eta hurrengo lasterketetarako erritmoa hartzeko baliatu nuen.
Nola izaten ari da denboraldi hasiera orokorrean?
Oso pozik sentsazioekin. Asteburu hau desastrea izan da gauza asko batu direlako. Bi porba FIS egin nituen Finlandian, Munduko Kopa baino lehen, eta puntu onak lortu nituen, lehenengotik gertu bukatuta. Gero Finlandian ere Munduko Kopako proba bat izan nuen, eta 53. posizioan geratu nintzen, baina denak oso batera ibili ginen, eta lehenengotik minutu eta erdira bakarrik iritsi nintzen. Pozik nago emaitza horrekin.
Otsailaren 6tik 22ra jokatuko dira Olinpiar Jokoak, Milano-Cortina d’Ampezzon. Zer sentitzen duzu hori entzutean?
Gogoa han egoteko. Ea maiatzetik entrenatu dudan guztia baliagarri zaidan han egoteko. Pausoak ematen ari gara, asteburu honetan pixka bat atzera egin badugu ere, baina ea hurrengo astean berriro puntu batzuk lortzen ditugun.
Olinpiar Jokoetan parte hartzeko sailkapena nola izaten da?
Ez daukat bermatuta parte hartzea, baina Espainiako federaziotik ere ez daude irizpideak ofizialki zehaztuta. Helburua izaten da sailkapenean ahal den gorenen egotea, eta Munduko Kopetan ondo sailkatzea. Ideia da lehenengoetatik ahal den gertuen egotea, sailkapenean hobetzeko.
Kirol merituak egiteaz gain, Espainiako Federazioak ere zehaztu behar du zure parte hartzea, ezta?
Ni berez Nazioarteko Federazioren aldetik sailkatuta nago, eta lasterketa guztietan parte hartu ahal dut, baina Espainiako Federazioak irizpide batzuk jartzen ditu. Lau pertsona joan ahal dira, eta hiru plaza daude. Horregatik irizpideak jakin behar dira ikusteko zein geratzen den kanpoan.
Kirol merituengatik zu zaude lehen postuan?
Orain bi modalitate daude, esprinta, kilometro eta erdiko lasterketak, eta distantziakoa, eta azken horretan aritzen naiz ni. Beste hirurak esprint modalitatean aritzen dira, eta distantziakoan ni naiz onena. Hor dago koska, federaziotik zer asmo duten; espero dut ez eramatea bakarrik modalitate batekoak. Aurreko urtean Munduko Txapelketan lehen 30 postuen barruan sailkatu nintzen, eta uste dut horrek bere pisua izan behar duela.
Nola doaz prestaketak Olinpiar Jokoei begira?
Asmoa da Munduko Kopako proba egitea asteburuan Davosen, eta gero Europako Kopa egin eta FIS sailkapen hori jaistea. Eguberriak baino lehen izango dut Europako Kopako proba bat, Errege eguna baino lehen beste bat, eta sailkapenaren arabera beste probaren bat egingo dut.