Ikasleen sormena eta ekintzailetza nagusi, gaur Tolosako Zerkausian

Ataria 2025eko abenduaren 10a

Ikasenpresa Azokak Lanbide Heziketako ikasleek sortutako 56 enpresen ideiak gertutik ezagutzeko aukera eman du goizean zehar.

Gaur goizean, Tolosako Zerkausia gaztez, ideiez eta ekintzailetzaz bete da. Ikasenpresa programaren barruan antolatutako azoka egin da bertan, Tolosaldea Lanbide Heziketako Institutu Integratuaren eskutik, eta zortzigarren edizio honetan berriro ere ikasleen sormena eta ekimena izan dira protagonista.

10:00etatik 12:00etara bitartean, erdi eta goi mailako Lanbide Heziketako ikasleek sortutako 56 enpresek beren standak jarri dituzte Zerkausian. Ikasleek eurek diseinatu eta garatutako produktu eta zerbitzuak aurkeztu dituzte, bisitariei azalpenak emanez eta zenbait kasutan simulazioak edo adibide praktikoak eskainiz. Kartelak, triptikoak eta harremanetarako txartelak ere ez dira falta izan, giro guztiz profesionala sortuz.

Azokak aukera eman du ikasleen lana gertutik ezagutzeko, eta bistakoa izan da egitasmoen aniztasuna eta originaltasuna: iraunkortasunari lotutako proposamenak, zerbitzu berritzaileak eta eguneroko beharrei erantzuten dieten ideiak izan dira ikusgai. Bisitarien interesa nabaria izan da, eta askok galderak eginez eta proposamenak aztertuz parte hartu dute.

Ikasenpresa programaren helburua da Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzea, besteak beste sormena, talde-lana, ekimena eta erabakiak hartzeko gaitasuna indartuz. Gaurko azokak helburu hori bete du, ikasgelatik harago jauzi eginez eta enpresa mundua errealitate gisa aurkeztuz.

Azoka herritar guztientzat irekia izan da, eta bertaratuek gustukoen izan duten proiektuari botoa emateko aukera izan dute. Boto gehien jasotzen duen enpresak, sari gisa, elikadura osasuntsua eta eskualdeko produktuak biltzen dituen saskia jasoko du.

Gaurkoak argi utzi du etorkizuneko ideiak dagoeneko hemen daudela, eta ikasle gazteen eskutik datozela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!