Impact Hub Donostia pertsonen bizitzetan inpaktu positiboa sortzeko helburua duen kooperatiba ekintzailea da. Mundua hobetzeko dauden ideiarik onenak batu nahi dituzte, eta bide horretan kokatu dute larunbatean Tolosan eskainiko duten Ibilbide Hiritarra. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako sailak babestu du. Ibilbidea Jane Jacobsen ikuspegian oinarrituta dago, beraz, herritarrek Tolosa beste modu batera ikusteko aukera izango dute. «Herritarrek hiria oinez aztertzeko eta elkarrekin hausnartzeko aukera izango dute», esan dute. Parte hartzea irekia eta doakoa da, baina aurrez izena ematea eskatu dute.
Jane Jacobs aktibista eta hiri-pentsalariaren ikuspegia hartu dute kontuan ibilbidea osatzeko. Jacobsen iritziz hiriek biziak behar dute izan, eta bizilagunen arteko loturek erdigunean egon behar dute. «Bere ideiak mundu osoko hiri-paseoetan erabiltzen dira, eta orain Tolosara ekarriko dira herritarrek beren ingurua modu aktiboan eta kritikoan interpretatzeko».
Ezekiel Collantes eta Ander Agirrezabala arkitektoek gidatuko dute ibilbidea, eta parte-hartzaileek hiriaren hainbat gune bisitatuko dituzte. Ibilbideak aniztasuna, gertutasun-eredua, oinezkoen mugikortasuna, auzo bakoitzaren nortasuna, tokiko ekonomia eta espazio publikoaren erabilera izango ditu ardatz. Antolatzaileek adierazi dute helburua dela «Tolosa bertan bizi eta lan egiten dutenen ahotsak entzutea, eta hiriaren eguneroko dinamika ulertzea, mapatik harago hiria ez da plano batean marrazten den zerbait; bertan bizi diren pertsonek eraikitzen dute. Ibilbide honek aukera ematen du kaleak, plazak eta auzoak besteen begiradatik ikusteko, erronkei buruz modu ireki eta kolektiboan hitz egiteko, eta konexio berriak egiteko gure hiri-espazioekin».
Ibilbidea 09:30ean hasiko da Fronton kafetegian, eta 13:30ean Alde Zaharrean bukatzea aurreikusi dute. Paseoa Jane Jacobsen filosofiaren sei gai nagusietan oinarrituko dute, eta auzokideek eta tokiko eragileek parte hartuko dute.
Egitaraua
- 09:30-9:45. Fronton kafetegia: aurkezpena.
- 10:00-10:20. Bonberenea: hiriaren aniztasuna eta erabileren nahasketa. Erabilera berriak hartzeko eraldatutako industria-eremu periferikoak.
10:35-10:50. Iurre auzoa: auzoen memoria eta bilakaera. Paper-fabriken historia, eta Tolosa nola eraldatu den paper-herri izatetik zerbitzuen eta produktu lokalen herri bihurtzeraino. - 11:05-11:15. N-1: giza eskala eta eguneroko behaketa. Autobiaren inpaktuaren azterketa eta auzoen arteko oinezko irisgarritasuna topagune edo deskonexio gune gisa.
- 11:30-11:50. Izaskun auzoa: hiritarren parte-hartzea eta hiriaren eskubidea. Auzo-antolakuntzaren eta komunitatearen erresilientziaren esperientzia. Aniztasuna eta inklusioa.
- 12:10-12:40. Zerkausia: tokiko ekonomia eta komunitatearen erresilientzia. Tokiko ekonomia nola eraldatu eta moldatu den, eta Tolosaren papera eskualdeko erdigune gisa.
- 12:45-13:10. Txaparro sagardotegia: kaleetako bizitza. Hiri-ekologiak nola funtzionatzen duen Tolosako Alde Zaharrean, eta zer erabilera-nahasketa aurkitzen dugun.
- 13:10-13:30. Itxiera: ondorioak eta mokadutxoa.