Ikasenpresa Azoka egingo dute bihar

Ataria 2025eko abenduaren 9a

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuak antolatutako azoka da, eta Ikasenpresa programaren barruan egingo dute zortzigarren aldiz.

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak antolatuta Ikasenpresa Azoka egingo dute bihar 10:00etatik 12:00etara, Tolosako Zerkausian. Ekitaldiaren helburua da ikasleen ekintzailetza sustatzea, eta sortu dituzten enpresa eta produktu berritzaileak gizarteari ezagutaraztea. Azokan erdi eta goi mailako lanbide heziketako ikasleek sortutako 56 enpresak diseinatu eta garatutako produktu eta zerbitzuak erakutsiko dituzte. Talde bakoitzak erakusmahai bat izango du, eta enpresetako bazkideek bertaratzen diren pertsonei beren proposamenak azalduko dizkiete. Horretarako, kartelak, triptikoak eta harremanetarako txartelak jarriko dituzte, eta zenbait kasutan, produktuen edo zerbitzuen simulazioak ere egingo dituzte.

Azoka Ikasenpresa programaren barruan egingo dute, eta aurtengoa zortzigarren aldia izango da. Ikasenpresa programak lanbide heziketan kultura ekintzailea sustatzea du helburu, sormena, ekimena, talde-lana eta erabakiak hartzea bezalako gaitasunak indartuz. Gainera, enpresa mundua ikasgelara hurbiltzea eta autoenplegua ikasleen etorkizunerako lan alternatiba gisa ezagutaraztea bilatzen du.

Ekitaldia irekia izango da herritar guztientzat eta bertaratutakoek aukera izango dute ikasleen lanak ikusteko eta gustukoen izan duten proiektuari botoa emateko. Boto gehien jasotzen dituen enpresak janari osasuntsuarekin eta eskualdeko produktuekin osatutako saski bat jasoko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!