Migel Soroa pilota txapelketaren XII. edizioa martxan da Beotibarren

Ataria 2025eko abenduaren 8a

Promesetatik maila nagusiraino, lehen jardunaldiak pilota giro ona eta norgehiagoka biziak eskaini ditu Tolosan.

Atzo jarri zen martxan Migel Soroaren Oroimenezko Txapelketaren XII. edizioa, CMO Valves babesle duen txapelketa, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Ikusleek, hiru mailatan banatutako lehen jardunaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.

Promesen mailan, Otaegi (Behar Zana) eta Ormaetxea (Lapke) nagusitu ziren 18-11 emaitzarekin, E. Landa (Tolosa) eta Figueroa (Lapke) menderatuta. 40 minutuko partidan, 339 pilotakadarekin, gorriek puntuz puntu eraiki zuten garaipena. Otaegi nabarmendu zen egindako bost tantorekin, nahiz eta hiru huts eta sakez falta bat egin.

Lehen mailan, aldiz, neurketak kolore bakarra izan zuen. Iñaki eta Endika Galarzak (Larraun) mendean hartu zituzten Ander Perurena (Tolosa) eta Leonet (Oiarpe), 22-12 emaitzarekin. 44 minutuan jokatutako partidan, 301 pilotakada izan ziren, eta urdinek hasieratik markatu zuten partidaren erritmoa.

Jardunaldiko azken partidan, elite mailan, emozioa nagusi izan zen. Fernandez (San Cosme) eta Cuairan (Irurtzun) bikoteak 22-15 irabazi zien Gutiérrez (San Cosme) eta A. Elizegi (Tartaloetxe) bikoteari, ia ordubeteko borrokaren ondoren. Guztira 624 pilotakada izan ziren, eta markagailua parean joan zen azken txanpara iritsi arte. Fernandez izan zen partidan gehien nabarmendu zena, 13 tantorekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!